Kontsumo taldea herritar berriei ateak zabaldu guran dabil

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko irailaren 26a

Euskal Herri osotik etorritako kontsumo taldeek topaketa egin dute asteburuan Aramaion. Ikasgaia izan dira jardunaldiak bertako kontsumo taldearendako. Izan ere, Aramaiokoa aurten hasi da funtzionatzen, urtarrrilean. Martitzenero elkartzen dira udaletxe azpian eta baserritarrek ekarritako produktuak kontsumitzaileen artean banatzen dituzte astero.

Bere esperientzia kontatu digu Judith Arriolabengoa taldeko kideak: "Urtarril hasieran sortu zen taldea eta ni hasieratik nago. Astero etortzen naiz eta gustura nabil. Gainera, normalean kontsumitzen ditugun barazkiez gain, berriak sartu dira otzaretan eta barazki berri horiek prestatzen hasteko ikastaro bat egin dugu".

Izena emateko udaletxera jo
Arriolabengoaren arabera, martxa onean doa Aramaioko kontsumo taldea: "Talde moduan sortu ginen baina elkartea sortzea pentsatzen gabiltza. Taldea jende berriari zabaldu gura diogu; orain bertan 13 kide gara eta hornitzaile berria dugunez, ea lortzen dugun jende berria sartzea".

Taldeko kide egiteko udaletxera jo behar da; hori bai, ateak edonori zabalik badaude ere, aramaioarrei emango zaie lehentasuna. Egun taldean badago, esaterako, Arrasate edo Legutioko jendea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak