Soinua izan duzu afizio gogorrena, oker ez banago.
Bai. Baina egia da txistuarekin hasi nintzela mutikotan. Ardiak ere bagenituen baserrian, eta, haiek zaintzen nituen bitartean, txistua jotzen nuen bazter batean. Zazpi zulodun txistua nuen, hezurrezkoa. Baina behin, Eguzkierripako jaietan Angiozarko itsua-k, Felix Arantzabalek, esan zidan soinua jo beharko nukeela. Nik esan nion baserritarra nintzela eta ezingo nuela ikasi, eta hark baietz, baserritarrak zirela onenak.
Eta horrela hasi zinen ikasten, Felix Arantzabalekin...
Angiozarko itsua-k ondo jotzen zuen, beldurgarri. Domeketan, bizikleta hartu eta Eguzkierripatik bizikletan joaten nintzen Arrasatera. Tren geltoki inguruan uzten nuen bizikleta eta trenez Eibarrera joaten nintzen. Pare bat orduan ibiltzen ginen eta gero kalera irteten ginen biok; itsua nola zen, lagun egiten nion haren adiskideak topatu arte. Gero, trena hartu, eta Arrasatera eta handik bizikletaz etxera.
Ahalegin handia egin behar izaten zenuen, hortaz, ikastera joateko...
Beharko egin. Esaten zidan: "Pieza hau ikasi egin behar duzu datorren asterako". Eta ikasi egin behar! Haserre ez zidan egiten, baina ikasten ez banuen bi ordu beharrean hiru orduko eskolak egiten genituen hurrengoan. Mendekua moduan hartzen zuen, baina onerako zen gero. Eta beste gauza bat: itsua izan arren igerri egiten zigun paperari begira ez bageunden: "Nora begira hago?!", esaten zigun.
Eta behin ikasita, kilometro asko egin dituzu soinuarekin?
Bai. Garai batean ikusi egin behar zen gure agenda, egunero izaten genituen saioak batzutan. Kanpora ere joaten ginen, Deriora, Lezamara, Larrabetzura... Auzo batera joaten ginen, eta gero beste denetan jo behar izaten genuen. Eta gero handik zuzen lanera joaten nintzen Zerrajerara. Goizeko 04:00etan irten eta zuzen lanera.
Eta zortzi ordu lanean? Gogorra izango zen ba...
Gogorra? Horixe! Neuk bakarrik dakit hori. Besteak baino ordubete lehenago joaten nintzen gainera, mantenuan lan egiten nuelako eta lankideak etortzerako labeak martxan jarri behar nituelako. Eta arratsaldean, agian, beste norabait berriro, ezkontzaren batera edo...
Zeintzuk zineten taldean?
Ilobekin ibili nintzen asko. Oso gustura. Sekula ez genuen arazorik izan. Seme bezala nituen, kasu egiten zidaten denean, eta nik ere bai haiei.
Eta orain, jotzen duzu?
Bai, baina urrutira ez naiz joaten. Gauez ibiltzeko-eta ditugun erreflexuekin! Lagun artean bai, jotzen dut, eta erromerian edo ezkontzetan. Entseatu ere astean hiruzpalau aldiz egiten dut, bestela gogortu egiten dira hatzaparrak.
Ehiza omen duzu beste afizio bat...
Asko ez naiz ibiltzen. Uso denboran bakarrik. Kurtzeta ingurura-eta gustatzen zait joatea, noizean behin usoren bat ekarri eta... Onena izaten da ogitartekoa, satoa eta goiza pasatzea lagun artean.
Elkarte baten fundatzaileen artean ere bazaude...
Bai, Kazatxo. Txabola zahar bat zegoen, eta geuk egin genuen. Orain 25 bazkide gara eta oso gustura ibiltzen dira. Mendi inguruan dago, eta uste dut jana ere goxoagoa egoten dela. Askotan juntatzen gara han, hamarretakoa egiten.
Eta sukaldean, zeuk egiten duzu?
Bai, zortzi-bat laguni neuk gertatzen diet. Eurek ardiekin menditik buelta egiten duten bitartean prestatzen dizkiet txorizo, arrautza, urdaiazpiko eta halakoak. Honez gain, beste koadrila batzuei ere prestatzen dizkiet bildotsa, bakailaoa edo dena delakoa. Generoa erostera Arrasateko azokara joaten naiz, eguazten eta egubakoitz, niretzako eta beste batzuentzat ekartzera.