Adostasunik ez Aramaioko Udalaren eta Uribarren familiakoen artean

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko irailaren 20a

Aramaioko Etxaguen auzoan hainbat lan egin behar dituzte; tartean zona bateko zorua berritu behar dute. Horretarako, auzoko sei familiaren lur sailak desjabetu behar izan dituzte. Hala ere, Uribarren familiakoak eta Udala ez dira adostasun batetara heldu.

Proiektua aurrera eraman ahal izateko, Udalak sei familiaren lur sailen eremu zati bat desjabetu du; horietako bost familiarekin akordio batera iritsi dira eta desjabetzeak sinatu dituzte, baina Uribarren familiarekin ez dira akordiora iritsi.

Uribarrenekoak haserre

Uribarrenekoek diote auzoan badagoela errepide nagusi bat eta egokitu nahi duten bide hori bigarren mailakoa dela. Gainera, kortak dituzte egokitu nahi duten errepidearen bi aldeetan eta diote obra horiek orain arteko ganadu eta baserri aktibitatea galarazi egingo dietela. Eurek eskatzen dute lau metroko bidea egin beharrean, hiru metro eta erdikoa egitea, horrela, gutxienez, euren traktorearendako lekua izateko, besteak beste.

Derrigorrezko desjabetzea

Bestalde, Aramaioko Hirigintzako batzorde buruak azaldu digu Udalak bere garaian hartu zuela erabakia horrelako proiektuak egiten direnean bideek lau metroko zabalera izateko, autoak gurutzatzeko lekua izateko. Eta gaineratzen du Uribarren familiakoekin akordio batetara iritsi ez izanaren arrazoi nagusia negoziazio prozesu luzean dagoela; gutxi gorabehera bi urte daramatzate kontu horrekin eta ia 800.000 euroko diru laguntza dute, baina laguntza hori jasotzeko epeak bete behar dituzte. Esan digute, baita ere, argi utzi nahi dutela desjabetze horiek ez dutela eraginik Uribarrengoen azpiegituretan.

Uribarren familiakoek aitortu digute oraindik ez dutela itxaropenik galduko; Udaleko ordezkariek, bestalde, gaineratu digute aurten esleituko dituztela obrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak