15 lagunez osatutako taldea joan da Balkanetara, guztiak urte berean jaiotakoak, eta dagoeneko hasi dira pentsatzen hurrengo bidaia. Kortabarriaren arabera, gainera, adin bereko gainerako herritarrengana ere heldu gura dute: "Beste behin zabalduko dugu deia adin bereko herritarren artean, batez ere kintoen bazkarira urtero etortzen direnak".
Dubrovniken hasita
Kortabarriak kontatu digunez, lehen hiru egunetan Dubrovnik ezagutu zuten: "Leku zoragarria da, entzunda geneukan polita zela, baina han egon ostean are politagoa iruditu zaigu". Bertan ezagutu zituzten Elaphiti uharteak.
Dubrovnik utzi ostean Montenegrora edo Mostarrera joateko aukera izan zuten eta beraz, taldea banandu egin zen. Mostar aukeratu zuen Kortabarriak eta honakoa azaldu digu: "Gerra amaitu zela urte batzuk pasa diren arren han zer gertatu zen erakusten duten adibideak badaude oraindik.
Deigarria da ikustea lehen lorategiak zirenak orain hilerriak direla". Dalmaciako kostaldea ere ezagutu zuten eta baita Split eta Trogir moduko herri txikiak ere. Bidaiarekin amaitzeko Plitvice-ko lakuak ezagutu zituzten –"zoragarria naturak egindako lan ederra"– eta azken bi gauak Rijeka hirian pasa zituzten. Pulan hartu zuten bueltarako hegazkina.
Urriaren 22an, bazkaria
Hilero diru kopuru bat jarriz ordaindu dute bidaia eta dagoeneko pentsatzen dabiltza nora joan: "Seguruenik Europa aldera, baina ez dago ezer erabakita", dio Kortabarriak.
Urriaren 22an egingo dute hurrengo kinto bazkaria, Gantzagako elkartean, eta bertaratutakoei gonbita egingo diete hurrengo bidaira joateko.