Barajuen auzoko Solobarria baserritik Mariaka aldera hartuta daude hurraskak, Etxabe baserrikoen terrenoetan. "Gure baserritik –Salasan baserria– ikusten genuen emakumeak arropa garbitzera nola joaten ziren. Bi astotan joaten ziren. Beti taldean, elkarri laguntzeko".
Sastraka eta asun artetik pasata, heltzen gara harraskak dauden lekura. Urez beteta daude: ur garbia eta freskoa. Uraren gaineko bi bitxikeri kontatzen dizkigu Untzuetak: "Arropa garbitzera etortzen zirenean, ura eramaten dute etxera lapikoetan. Antza, babarrunak eta garbantzuak egosteko ur ona zen. Ordu hartan bazegoen auzoan metal-ura ematen zuen iturria, baina sukaldean ibiltzeko gogorregia zen. Bestalde, ura hotza dator, eta hona etortzen ziren emakumeek apustu egiten zuten: ea nork mantentzen duen eskua uretan sartuta denbora gehien".
Suaren hautsa
Arropa garbitzeko prozesua nolako zen ere kontatu digu: "Arropak xaboiarekin etxean igurzten zuten, eta 200 litro inguruko tinetan eramaten zuten. Harraskara helduta, sua egiten zuten ura berotzeko. Garbitu beharreko arroparen gainean trapu zaharrak jarri, eta gainean suaren hautsak ipintzen zituzten. Gainetik ur beroa botatzen zuten behin eta berriz arropa garbi utzi arte. Tinak iturri bat zeukan, eta handik ur garbia irteten zenean, arropa garbia zegoela esan nahi zuen".
Bestalde, Aramaioko ondarea berreskuratzeko taldeak bazuen Barajuen auzoan dauden haurrasken berri. Uztailean Ametibar inguruan pinuak mozten hasi zirenean, hurraskekik kontuz ibiltzeko eskatu zieten han zebiltzan langileei. Hurraska horiekin zer egin erabaki beharko dute orain: parajea garbitu, hurrasken gaineko datuak batu auzotarren artean...