Txirritola Eguna domekan: euskara eta sagardoa ahoan, giro ederra bermatuta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko irailaren 16a

Etzi, domeka, Txirritola Eguna ospatuko dute aramaioarrek. Goiz osorako egitaraua prestatu dute Txirritola euskara elkartekoek eta Udalaren ekimenez arratsaldean ere izango da zertaz gozatu. 11:30ean hasita, trikitilariak eta gaztetxoendako tailerrak izango dira. 12:00etan txotx irekiera egingo du pertsona ezagun batek –sorpresa da oraindik– eta txotxaren ostean, Aramaioko 12 sagardogile ezberdinek egindako sagardoaz gain, taloak eta pintxoak dastatzeko aukera egongo da. Arratsaldean, amaitzeko, Iparraldeko herri kirolak izango dira ikusgai Herriko plazan (17:30).

"Txirritola Eguna urteko hitzordurik garrantzitsuena da Txirritola euskara elkartearendako. Egun berean hainbat ekintza izaten dira eta horrek lan asko suposatzen du. Hala ere, oso egun polita izaten da eta giro ederra egon ohi da; beraz, aurretik zein egunean bertan batzuek lan askotxo egin behar arren, merezi du", Olatz Altuna Txirritolako zuzendaritzako kidearen hitzak dira. Igartzen ez dela lehen aldia egun berezia antolatzen dabilena.

Lan gehien suposatzen duen urteko jaia dela dio: "Jende askorekin koordinatu behar da: sagardogileekin, taloak eta pintxoak egiteko laguntzaileekin, txotx egingo duen pertsonarekin, umeendako tailerrak ekarriko dituztenekin...".   

Lehen berba, euskaraz

Lan fisikoaz gain, antolatzaileek Txirritola Eguna euskararen aldeko eguna izan dadin buru-belarri aritu dira –eta dabiltza– lanean. Argi dute-eta sagardoak protagonismoa berezia izan arren, euskararen aldeko jaia dela Txirritola Eguna: "Euskara elkartea izanik, gure erronka nagusia euskararen erabilera bultzatzea da. Horregatik kartel guztiak euskaraz izaten dira eta euskararen aldeko jaia denez, jendeari lehen berba euskaraz egiten zaio", dio Altunak.

Umeendako zirku tailerra

Iaz lehen aldiz antolatu ziren umeendako tailerrak. Izan ere, antolatzaileak konturatu ziren bereziki helduendako jaia zela eta umeendako apenas antolatzen zela ezer. Bada, iazko arrakasta ikusita, aurten errepikatu egingo dute; zirku tailerra egongo da 11:30etik aurrera. 

Egitarauarekin jarraituz, eta trikitilarien doinu artean, 12:00etan txotx irekiera egingo da. Ordu horretatik aurrera Aramaioko bertako 12 bat sagardo ezberdin dastatzeko aukera egongo da. Aramaioko Sagardogileen Elkarteko (ASE) presidente Jesus Arregik hala dio: "ASE-ko zazpi sagardogile eta elkarteko kide ez diren besteekin, dozena bat izango gara. 12 sagardogile ezberdin, eta denak Aramaiokoak, sagardoa aramaioarra izan behar da-eta". Sagardoaz gain, talo eta pintxorik ez da faltako. Aurten, gainera, arratsaldean ere egongo da zer ikusi: 17:30ean Iparraldeko herri kirolak eta harri-jasotzea egongo da. 

Bazkide kanpaina

Txirritolako bazkide egiteko aukera egongo da egunean bertan: "Aspaldian ez da egin", azaldu du Altunak. Sagardoa edateko edalontziak erosten diren txokoan egin ahalko da bazkide, datu pertsonalak emanda. Urte osoko kuota hamar eurokoa da. Gainera, bazkide egiten direnen artean sari "bikain bat" zozketatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak