Aramaioko rallysprintak tramu berriaz ospatuko du 10. urteurrena

Xabier Urtzelai 2011ko irailaren 16a

Azpiko Racing taldeko lagunek tramu berri batekin ospatu nahi dute Debagoieneko rallysprint bakarra, Aramaiokoa. Berritu ala hil dio esaerak, eta Aramaioko lasterketaren kasuan egoera horren muturrekoa ez bada ere, zapatuan zaleek ondo hartuko dituzte hamargarren edizioko probari gehitu dizkioten osagai berriak, baita pilotuek ere.

Lasterketako azken bederatzi edizioetan ez da aldaketarik izan, lehenengoan Zabola auzoan hasi eta Kurtzeta gainean amaitu zutelako lasterketa: "Ordutik ez da aldaketarik egin. Urteren baten antolatzaileek Gantzagatik Ibarrara jaisten Andramariko bidegurutzea hartzeko proposamena egin zuten, baina jendeak arriskutsuegia zela uste zuen, autoak aldapa behera azkar etorriko zirelako, eta kurba itxia dagoelako hor. Hala, baztertu egin zen proposamen hura, eta bederatzi urte hauek ibilbide berarekin egin ditugu", adierazi digu antolatzaile lanetan dabilen Inhar Amenabar pilotuak.

73 pilotu irteeran
Zapatuko lasterketarako 73 pilotuk eman dute izena. Igoeratan debagoiendar mordoa dabilen arren, rallysprintean ibarreko ordezkaritza ez da horren zabala izango. Inhar Amenabarrek (R5 GT Turbo) Agurtzane Zubieta izango du kopilotu lanetan, horiek izango dira Aramaioko ordezkariak. Eskoriatzatik, berriz, Gorka Idigorasek (Opel Astra GSI) Joseba Frutosekin osatuko du taldea, eta Oñatitik Aitor Arnaitz (R5 GT Turbo) eta Joanes Uria etorriko dira.
Eta, lasterketan aurrealdean ibiltzeko borrokan ibiliko dira, besteak beste, Angela Vilariño, Tricio, Labaka, Jaio... Hala, ikusteko dago Errioxatik etorriko diren Moro anaiek ze maila emango duten: "Denbora onak egiteko gaitasuna duten autoak ekarriko dituzte-, Mitshubishi EVO 6 autoa batek, eta BMW M3 autoa besteak. Ikusi egin beharko da ze lan egiten duten".

Hankook Koparako baliagarria
Biharko lasterketa, bestalde, puntuagarria izango da Hankook Koparako. Horretarako, derrigorrezkoa izango da etxe horretako pneumatikoekin korritzea, eta horrek ere orain arte Aramaion egon ez diren pilotuak erakarriko ditu probara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak