Izaera ezberdineko euskara ikastaroak, Aramaion bertan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko irailaren 13a

Aramaioko Udalak euskara ikastaroak antolatu gura ditu. Hiru ikastaro antolatzea da euren asmoa, beti ere herritarrek erantzuten badute. Lehena hastapeneko ikastaroa izango zen, urtero antolatzen dena. Bigarren ikastaroa da alfabetatze-maila lantzekoa eta beste hirugarren ikastaro bat mintzalaguna praktikan oinarrituz antolatu gura dute. Izena emateko udaletxera jo behar da irailaren 27a baino lehen.

Hiru urte badira hastapeneko ikastaroa antolatzen dutena eta Rosa Mondragon Udaleko euskara teknikariak aditzera eman duenez, "gustura" aritu izan dira euskararen oinarrizko arauak ikasten. Azken hiru urteetan hastapen ikastaroan parte hartu dutenendako da, batez ere. Beraz, dagoeneko hitzez zein idatziz lehen pausuak eman dituztenendako da ikastaroa eta horretan sakontzeko asmoa dutenentzat. Aurreko urteetan izandako ikasleez gain, perfil berdintsua dutenek ere aukera izango dute taldean sartzeko.

Aurten, baina, nobedadea da alfabetatze-maila lantzeko ikastaroa: euskaldun zaharrendako da, batez ere. Hitz egiten dutenei dago zuzendua baina euskara batuan irakurtzen eta, batez ere, idazten ondo moldatzen ez direnendako. Hau da, ahozko eta idatzizko euskara hobetzea gura duten euskaldun zaharrendako. Herritarrek hala eskatuta antolatu dute ikastaro hori.

Azkenik, Mintzalaguna praktikan oinarritutako ikastaro bat ere jarri gura dute martxan. Hitz egitean erraztasuna eta jariotasuna premia duten pertsonei zuzenduta dago. Hizkeran erraztasuna lortzen laguntzea da azken helburua, lagunarteko berriketa lasaian arituz. Hau da, euskaldun zaharrak eta berriak nahastuz euskara ikastea. Beraz, euskaraz hitz egiten jakitea eta astean ordubete libre izatea dira bete beharreko baldintza bakarrak.

Iaz euskaldun zaharren taldea sortu zen; euskaldun berriek ez zuten talderik osatu.

Izena udaletxean eman

Ikastaro guztiak udaletxean bertan ematea da asmoa. Horretarako taldea osatu behar eta beraz, interesatuek irailaren 27a baino lehen eman behar dute izena. Udaletxera bertara joanda edo telefonoz deituta (945 44 50 16) eman daiteke izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak