Inhar Amenabar: "Ikuskizuna denoi gustatu arren segurtasuna da lehentasuna"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko irailaren 7a

Txikitatik motorraren munduak izugarri erakarri du Inhar Amenabar (Aramaio, 1988). Ikasketak automobilgintzara bideratu zituen eta pilotua ere bada. Irailaren 17an egingo den Aramaioko rallysprintean haren Renault 5 GT Turboa ez da faltako; laugarren urtea da etxean lehiatuko dena. Lasterketa amaitzea du helburu.

Iaz erabaki zenuen rallysprintaren antolakuntza taldean sartzea. Zergatik? Zein da zuen lana?
Rallysprinta aurrera eramaten laguntzeko sartu nintzen antolatzaile lanetan. Herri txikietan batez ere jendea behar izaten da eta automobilgintzaren mundua betidanik gustatu zaidanez, gustura aritzen naiz laguntzen.
Lana banatu egiten dugu. Tramite kontuak dira garrantzitsuenak, hau da, aseguru etxeekin dena ondo lotuta uztea. Horrez gain, propaganda eskatzen dugu dirua lortzeko. Eta noski, lasterketa badatorrela ezagutzera ematen dugu.

Lasterketa egunean, berriz, ikusleendako zonaldea mugatzeko zintak jartzen ditugu, besteak beste.
Hamargarren edizioa da aurtengoa. Nobedaderik bai?
Ibilbidearen hasieran aldaketa dator, lehen bi kilometroak berriak izango dira. Baina ibilbide berria ez dugu azken egunera arte ezagutarazi nahi. Lasterketa luzeagoa izango da: lehen sei kilometro zituen eta aurten 7,800 kilometro izango ditu.

Udanako igoerako istripuaren ostean neurri zorrotzak hartu dira ikusle zein pilotuendako. Horrek nola eragiten dizuete?
Argi dagoena da ikusleek zinta errespetatzen ez badute denok irtengo garela galtzaile. Hau da, halako istripuek aseguru etxeak atzera botatzen dituzte eta lasterketen etorkizuna airean jarri. Guretako gero eta arazo gutxiago, hobeto.

Ikusleei eskatuko nieke guk jartzen ditugun mugak errespetatzea, denon hoberako da-eta. Eta noski, komisarioei kasu egitea. Antolakuntzak dena ondo irtetea gura du eta pilotuei eskatzen diegu denborak egitera joan daitezela eta ez errepidean alde batetik bestera ibiltzera. Hala ere, pilotu naizen aldetik, ikuskizuna ematea denoi gustatzen zaigu, hau da, esku-frenoari eragitea. Izan ere, lasterketetan irtetearren ordaindu egiten dugu. Rallysprint modalitatean 130 euro ordaindu behar da lasterketa bakoitza, ez da batere merkea. Hala ere, segurtasuna izan behar da lehentasuna. 

Nor da aurtengo faborito?
Ez dakit esaten, oraingoz pare bat pilotuk bakarrik eman dute izena. Asteburuan Nafarroan egon da rallysprinta eta horren arabera hasiko dira izena ematen datozen egunetan. Aramaioko lasterketan parte hartzeko Euskal Herriko federazioaren webgunean [www.eaf-fva.net] bete behar da izenemate-orria eta gero guri e-mailez bidali azpikoracing@gmail.com helbidera.

Lasterketara begira zein da zure helburua pilotu moduan?
Helmugara heldu eta lasterketaz gozatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak