Aurtengoa hirugarren urtea izango da Zuiako koadrilako udalekuetako umeek batera parte hartuko dutena. Horrek esan gura du hainbat ume elkartuko direla. Aramaiotik, adibidez, 108 haur eta 12 begirale joango dira.
Autobusa 09:30ean hartuko dute Aramaion 10:30erako Izarran egoteko. 12 urtera arteko haurrak har dezakete parte eta sei urtetik beherakoak heldu batekin joan beharko dira. Udalekuetan parte hartu ez duten haurrak ere joan daitezke baina izena eman beharko dute. Nola? Bada, 945 43 01 67 telefonora deituta edo euskara@cuadrillazuia.com helbidera idatzita.
Egitarauari dagokionez, goiz osorako plana antolatu dute. 10:30ean puzgarriak, ludoteka eta tailerrak egongo dira. Gustura izerditu ostean, 12:45ak aldera hamaiketakoa egingo dute eta 13:00etan txikienek musikaz lagunduta dantzan egiteko aukera izango dute.
14:00etan bueltarako bidaiari ekingo diote. Parte hartzea doakoa izango da.
"Oso egun polita izaten da"
Itxaso Aspiazu Zuiako koadrilako kultura teknikariaren arabera, "oso egun polita" izaten da txikienendako: "Oso ondo pasatzen dute eta haur mordoa elkartzen direnez elkar ezagutzeko aukera ezin hobea da". Hala, eguraldiak laguntzea eta aurreko urteetako arrakasta izatea espero dute.