Halaxe azaldu digu Ana Muñoa koordinatzaileak. Muñoak 2002. urtetik dihardu zeregin horretan. Haren ardurapean, 11 begiralek jardun dute uztailaren 6tik hona. Ohikoa den moduan, Aramaioko jaien osteko eguaztenean ekin zioten udalekuei eta ordutik egunero batu dira kultur etxean, 10:00etatik 13:00etara.
Saio didaktikoak tartean
Aurreko urteotan bezala, eguraldiak lagundu duen guztietan kanpoko jarduerak egin dituzte gaztetxoek: jolasak, irteerak, tailerrak... Sasoi didaktikoak ere ez dira falta izan: esaterako, Zalazan errota eta hango aroztegia ikusten izan dira eta Jose Bengoak eman zizkien azalpenak gaztetxoei. Denbora luzean geldi egondako makinak martxan jarri zituen Bengoak, umeen harridurarako. Eta Azkoagan, Rakel eta Divina Arrriolabengoa ahizpen eskutik, ogi biologikoa egiteko prozesua bertatik bertara jarraitu ahal izan zuten. Santi Elejalde tailagileak ere saiotxo bat eskaini zien eta udan, nola ez, ezinbesteko irteera ere egin dute bainua hartzeko: Otxandioko igerilekuetan behin baino gehiagotan izan dira. Azken aldiz egubakoitzean bertan izan ziren uretan jolasean.
Ana Muñoa pozik dago aurten jasotako erantzunarekin: "Nagusiak ere iaz baino gehiago etorri dira eta oso gustura ibili gara. Pilak jarrita etorri izan dira neska-mutikoak eta horrek asko errazten ditu gauzak... Gurasoendako ere aukera ona da udalekuena eta, aldi berean, gaztetxoek etekin handiagoa ateratzen diete oporretako lehen egunei, lagunartean gainera".
Izarrara bihar
Gaur, astelehena udalekuen amaiera festa egitekoa zen plazan, 12:00etan. Bestalde, bihar, martitzena, Zuiako Koadrilako Umeen Euskararen Eguna ospatuko da Izarran. Hara joango dira Aramaioko udalekuetako gaztetxoak eta Legutio, Durana, Ondategi, Murgia eta Izarrako neska-mutikoekin batuko dira. Euskararen Egunaren 12. ekitaldia izango da biharkoa. Puzgarriak, tailerrak, haur diskoteka eta beste lako jardueran izango dituzte Izarran goiz osoan zehar. Ordu bie tan itzuliko dira Aramaiora autobusean. Oporrak luzeak dira oraindik...