Badatoz jaiak eta eurekin, nola ez, Txirritolinpiadak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko ekainaren 30a

Dagoeneko San Martin jaiak ez daude ulertzerik Txirritola euskara elkarteak antolatzen dituen Txirritolinpiadak barik. Uztailaren 2an egingo dira, zapatua, jaien erdi-erdian (17:30). Izena 17:00etatik aurrera eman behar da eta hiru pertsonako taldeak osatuko dira. Antolatzaileek jakinarazi dute, segurtasun kontuengatik, txirrindulariek kaskoa eraman beharko dutela eta korrikalariek, berriz, txaleko distiratsua. Aurten lau proba egingo dira.

Lau proba egongo dira eta lehenetik gaizki hasiz gero, hurrengo probetan eragina izango du. Hau da, probek bata bestearekin lotuta egongo dira. Lehen probak Aramaioren gainean taldekideek duten ezagutza hartuko da kontutan. Kide guztien artean herriari buruzko bost galdera erantzun beharko dute: Aramaioko baserriak, esamolde zaharrak, mendiak, biztanleak, hitz gakoak...

Erantzunen arabera denbora zehaztuko da, hau da, galdera bakoitzak minutu bat balioko du eta beraz, bostak asmatzen duen taldea bost minutut lehenago irtengo da.

Bigarren proban, taldekide bat parketik Arrikoitiraino bizikletaz joan beharko da eta bertan edatekoa banatu. Gazteek eta helduek ibilbide ezberdina izango dute; gazteak ez dira Arexolara igoko. Hirugarren proban, beste taldekide batek lekukoa hartuko dio Arrikoitin eta parkera jaitsiko da korrikan.

Azkenik, laugarrren proban, parkera iristean beste taldekideak uraren froga gainditu beharko du, Txirritolinpiaden frogarik erabakiorrena: errekan kuboa bete eta txirristan behera etorrita, kuboa markaraino bete beharko da.

Sariak, gazte zein helduendako

Bi maila egongo dira: gazteak eta helduak. Gazteendako lehen saria izango da 100 eurokoa; bigarrenendako 75 euro eta hirugarren taldearendako 50 euro. Helduen artean: Lehen saria 150 euro, bigarrena 100 euro eta hirugarren taldearendako 75 euro.

Egitaraua

Jarraian duzue jaietako egitarau osoa:

Barikue, 1

  • 16.00: Mus txapelketa (Jubilatuen elkartiek lagundute).
  • 19:00: Pregoie.
  • 19:05: Trikitixa eskolakuekin kalejira (Trikitixa eskolako kidiek).
  • 19:05: Bertso triki poteue (Gazte Asanblada).
  • 19:30: Ume tailerra plazan.
  • 20:00: Papargorri Kultura etxien (Papargorri eskolaniak antolatute).
  • 23:00: Kontzertuek: Anai-arrebak, Sorkun eta Zea Mays.
  • 23:30: Erromerixie plazan: “erromeria.com” Gabien ziher droga testing-e.

Zapatue, 2

  • 12:00: Umiendako tailerra: Ponpaz Ponpa.
  • 12:30: Tortilla patata txapelketie ( Patatak, gatza, olixue eta arraultzak antolakuntzak jarriko dittu).
  • 12.30: Biotzatarrak Txaranga (Vital Kutxari eskainita).
  • 17:00: Tiro plato. (Kurtzetagain elkarteak antolatuta).
  • 17:00: Briska txapelketa jubilauen lokalien. (Jubilatuen elkartiek lagundute).
  • 18:00: Txirritolinpiadak. (Txirritola elkartiek antolatute).
  • 19:30: Kale animaziñue Skandalue taldiekin.
  • 23:00: Kontzertuek plazan.
  • 24:00: Erromerixie txoznetan Gabien ziher alkohol testing-e.

Domeka, 3

  • 11:00: Diana herriko txistularixekin.
  • 12:00: Meza.
  • 13:00: Herriko dantzarixen emanaldixe (Lagun Artea Dantza taldie).
  • 16:30: Jolas parkie parkien.
  • 18:00: Iparraldeko herri kirolak plazan.
  • 19:00: Otxandategi dantza taldie herrixen ziher.
  • 22:15: Gabeko espektakulue, Deabru Beltzak.
  • 23.00: “#akanpadaaramaixo” (egualdi onakin Elizako eskaileretan, bestela Sastiñan).
  • 00.00: Berbapasie.

Astelehena, 4

  • 11:00: Ume jolasak (Gazte asanblada eta gazte lokalekuek antolatute).
  • 13:30: Ttinbili Ttanbalan eskutik umiendako espektakulue plazan.
  • 16:00: Kuadrillen arteko pikie (Gazte Asanblada).
  • 19:00: Arrasate Musikalen emanaldixe kultur etxien.
  • 21:30: Herri afaixe. Afalostien Beriba sanba eskolakuekin animaziñue.
  • 01:00-05.00: DJ Mikel.

Barikue, 9

  • 21:30: Bertso afarixe (tiketak salgai 17 eurotan): Sebastian Lizaso, Iker Zubeldia eta Xabier Igoa.

Zapatue, 10

  • 10:30: Aramaixoko pelota eskolako ume guztien lagunarteko partiduek. Tartean Ander Axpe aramaioarrak jokatuko du ere. Ondoren, binakako jubenilen partiduek
  • 21:30: Herriko infantilen partidu bat. Ondoren nagusixen pelota partiduek. Arabako II. irekia. Lau t'erdiko banakako partidua eta eskuz binakako partidua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak