Egun berezia izan zen domekakoa Aramaio Baserri Barri ekimenaren bultzatzaileendako. 900 familiak lagundu eta 200 pertsona baino gehiagok osatzen duten Bioalai elikagaien naturalen kontsumitzaile elkarteko 20 bazkide izan ziren Aramaion. Euren zain zeuden Udaleko ordezkariak –Ramon Ajuria alkatea, Martin Etxabe mendiko gaietarako zinegotzia, Ane Miren Etxeberria Ingurumen zinegotzia– eta ABB ekimenaren atzean lanean dihardutenak –Aitor Larrañaga, Pedro Lizarralde, Juan Antonio Aretzaga eta Alex Mendikute–.
Goiz zein arratsaldez Aramaio gertutik ezagutzen
10:15ean heldu ziren Bioalai elkartekoak Aramaiora. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan ABB egitasmoa aurkezpena egin ostean, 11:30ean Aramaioko Sagarzaleen Elkarteak zukua egiteko duen lokala bisitatu zuten. 12:00etan Aramaioko berrikuntza eta ikerkuntza zentroa –ABB proiektuak aurrera egin dezan ezinbestekoak diren azpiegiturak jasoko dituena– bisitatu zuten (beheko irudian).

Gero, 14:00ak aldera Iturrieta sagardotegian sagardo ezberdinen dastatzea eta Aramaioko produktuekin prestatutako bazkaria egin zuten, giro paregabean. Azkenik, 17:00ak aldera Aramaioko ortu ekologikoak bisitatu zituzten, beti ere ABBkoen azalpenekin lagunduta. (beheko irudian)
