Nola bururatu zitzaizun haurrendako udarako ekintzak antolatzea?
Umeek ekintzaren bat izatea interesgarria izan zitekeela uste nuen. Herrian antolatzen diren udalekutako begirale naiz eta nire ustez umeek kirola eta bertsoa lotuko dituen ekimenak izatea oso positiboa da, uste dut haiek ere asko eskertzen dutela. Horregatik ekimenaren helburua umeek ondo pasatzea da, uda eta oporrak horretarako dira-eta.
Zer da buruan duzuna? Zer antolatu gura duzu?
Hiru ekintza ezberdin antolatu gura ditut. 3x3 saskibaloi txapelketa herrikoi bat, 8 eta 13 urte bitarteko gazteendako, adin berekoendako frontenis txapelketa bat eta edonork parte har dezakeen bertso merienda bat. Azken honetan, gainera, ideia da herriko bertso eskolako gazteek abestea, eurak ere plaza bat gehiago egiteko aukera izan dezaten.
Aurten egin duten lana ikusita ondo merezia daukate. Uztaileko bigarren eta hirugarren astean zehar egitea da ideia, herriko udalekuen ohitura aprobetxatuz.
Kirola eta bertsolaritza ezkonduko dituzu. Bateragarriak direla uste al duzu?
Ez dakit horrela izango den. Sarritan lotu diren bi gai dira eta askotan bertsolaritza kirol moduan hartu izan dute, baina ez da hori nire ideia. Nire bi zaletasun dira eta horregatik hori eskaintzeko gai naizela esango nuke.
Hau da, beste gazteren batek marraztea gustuko balu marrazketari zuzendutako tailerrak eskaintzea balitz bezala, horixe da egingo dudana. Gainera, gaztetxoen gustukoa dela deritzot.
Udaletxera jo duzu. Zertarako?
Laguntza bila jo dut udaletxera, asteon. Udaletxean jaso dudan erantzuna guztiz positiboa izan da, proposamena gustatu zaielakoan nago. Udalekuetako begirale naizela badakite eta horrek asko lagundu duela uste dut. Izan ere, ez dira udalekuen egitarauaren barruan sartzen diren ekintzak, baina gaztetxoak oporretan daudela aprobetxatuz antolatu gura ditut.
Izenematea noiz zabaldu ez dut erabaki, baina uztaileko lehen astean izango da. Ekintza guztiak, noski, uztailean izango dira.