Azken agintaldian, Hirigintza, Euskara eta Hezkuntza arloetako arduradun politikoa izan zara, baina aurrez beste hirutan egondakoa zara. Asko aldatu dira gauzak?
Egoera politikoak baldintzatu izan du agintaldia, bizi zen egoeraren arabera agintaldiak oso ezberdinak izan dira. Udalaren antolamendua ere asko aldatu da. Udal langile gehiago daude orain; lehen, idazkaria, administrari bat... askoz gehiago ez.
Orain, berriz, arlo bakoitzeko teknikaria edo dinamizatzailea dugu, esaterako. Hau da, udaletxean jende gehiago dago lanean, eta asko igartzen da. Noski, horretarako diru gehiago behar da eta lehen ez zegoen horrenbeste diru. Laguntza gehiago jasotzen dugu eta aurrekontua handiagoa da.
Horrek lehen asetzen ez ziren hainbat behar asetzea ekarri du. Prozesu hori apurka-apurka gertatu da eta nabarmen hobetu da. Bestalde, agintaldi guztietan egoera politikoak asko baldintzatu izan du jarduna, baina zinegotzien arteko harremana ona izan da.
Zeintzuk izan dira bizi izan dituzun egoera gogorrenak?
Gogoan dut, esaterako, su-etenen amaierek egoera zailak eragin izan dituztela. Tentsio politikoaz ari naiz. Izan ere, zinegotzien arteko harremanak onak izan dira, oro har.
Nola deskribatuko zenuke azken agintaldia?
Lanerako urte gogorrenak izan dira. Gai asko izan ditugu mahai gainean. Hirigintza arloan, esaterako, Plan Orokorrak lan handia ekarri digu. Aurreko Udal Gobernuaren zirriborroa ez genuen onartu nahi, irizpideak ez zetozen gure pentsaerarekin bat. Zirriborro hura berregin eta batez ere jendearen parte-hartzea bultzatzeko programa aurrera eramatea lan handia izan zen: auzoz auzo ibili ginen iritzi ezberdinak jasotzen. Herritarren ekimenez, Aholku Batzordea sortu zen; ondo egin ziren gauzak. Parte-hartzea sustatzea gure zutabeetako bat izan da. Kostatu zaigu, baina lortu egin dugula esango nuke; Plan Orokorra, adibidez, badoa aurrera.
Zer esan diezagukezu iraganeko lorpenez?
Ardura politikoa izan nuen lehen arloa Euskara eta Hezkuntza izan zen. Akordatzen naiz lorpen batzuk egin zirela; bertso eskolaren sorrera, esaterako. Oker ez banago, 1998an sortu zen. Txirritola euskara elkartea ere lehentxeago sortu zen.
Udalbatza berriari zein aholku emango zenioke?
Etorriko diren arazoak lasai har ditzala. Eta, batez ere, jendearekin konta dezala. Edozein gauza egiteko herritarren iritzia kontuan hartzea garrantzitsua da, gerora lanak errazten ditu. Epe motzera lana eskatzen du, baina epe luzera merezi du. Egin beharreko lana da.
Udaletxean egindako urte guztien ostean zein lorpen nabarmenduko zenituzke?
Harro nago, adibidez, Sastiñari eman diogun bultzadaz. Kultura erreferente da eta bide horretan jarraitu behar du.
Horrez gain, beste bi proiektu ere ezin dira aipatu gabe utzi: Aramaio Baserri Barri eta Biomasaren proiektua. Aramaioko lehen sektorea bultzatzeko ezinbesteko tresnak dira.
Bi proiektu horiei hasierako bultzada eman zaie, baina datozen urteetan jarraipena eman behar zaie. Badirudi, gainera, Udal Gobernu berriak jarraipena emateko asmoa duela.