Mikel Ruiz de Azua: "Aramaion kalitate oneko ganadua dagoela islatu gura izan dut kartelean"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko ekainaren 20a

San Martin jaiak Aramaiotik urrun biziko ditu Mikel Ruiz de Azuak (Aramaio, 1986). Turinen (Italia), hain zuzen. Industira- diseinuko ingeniaritza teknikoa ikasi zuen eta orain Ekodiseinuen masterraren azken urtea ari da egiten Turinen. Azken hiru urteetan ez da jaietan egon, baina haren irudia erabili du Udalak programaren azalean. Izan ere, hiru urtez jarraian irabazi du kartel lehiaketa.

Ganauak badatoz jaixetara jarri diozu izenburu kartelari. Nondik etorri zitzaizun ideia?
Behi koadrila bat jaietan murgilduta islatu gura izan dut. Behiak erabili ditut pertsonaia moduan eta, bestetik, han bai dauela ganaue! esaldia erabiliz, Aramaion eusko label eta kalitate oneko ganadua dagoela islatzea nahi izan dut. Eta, noski, kanpotik datozenak ganadu horrengana datozela! (barreak). Zentzu bikoitz hori aprobetxatuz, txantxa kutsua eman nahi izan diot irudiari.

Animaliak protagonista, beraz.
Aramaio baserritik bizi den herria izanda, animaliekin zerbait egitea gura nuen. Hala, pentsatu nuen behiei protagonismoa emanda kartela egitea. Behi koadrilak  Aramaioko jaietan, erromerian eta jai giro onaz gozatzen dabiltzala, hori erakutsi nahi nuen. Gainera, kanpotik ere jendea –behiak hauek ere– animatzen direla erakutsi dut, bertako giro eta kalitateko oneko ganaduen bila etortzen direnak.

Lehiaketa hirugarrengoz irabazi duzu jarraian. Epaimahaikideen gustuak ezagutzen dituzu, ala?
Duela hiru urte aurkeztu nintzen lehenengoz. Lehenengoan proba moduan eman nuen izena eta hortik aurrera jaietan egoterik izan ez dudanez, beste modu baten parte hartzeko aukera ona dela deritzot. Hori bai, nahiago nuke jaietan egotea! Ideia ezberdinak aurkezten saiatu naiz eta pozik nago nire lana epaimahairen gustukoa delako. Amaitzeko, aramaioarrei eta inguruko herrietakoei jaietan gozatzera animatu gura diet, nire partez ere disfruta dezatela. Goraintziak denoi!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak