Begoña Perez: "Umore grafikoa egiten duten emakume gutxi daude eta oso ezezagunak dira"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko ekainaren 20a

Aramaioko Udalaren eta Gasteizko Les-Vitoria-Gaysteiz taldearen eskutik, 'Komiki emakumeak' erakusketa ikusgai dago Sastiñan joan den eguena ezkero. Hilaren 26ra arte egongo da zabalik eta goiz zein arratsaldez bisitatuko ahal izango da.

Erakusketaren irekiera egunean ipuin kontalaria ekarri zuten liburutegira. Begoña Perez askatasun sexualaren aldeko taldeko kideak jakinarazi duenez, asistentzia ona izan zuen ipuin kontalariak: "Haurrak dagoeneko klasera goizez bakarrik doazela jakinda haur eta guraso asko hurbildu ziren, saio bakoitzean 25 bat lagun elkartu ziren".

12 egile eta aniztasuna nagusi
Erakusketa interesgarria da. 12 emakumeren obra grafikoa jasotzen du, nor baino nor ezberdinagoa dena: teknikak ezberdinak dira, jatorri ezberdineko komiki-egileak gehienak, eta batzuek irudia asko zaintzen duten bitartean, besteek mezuari ematen diote garrantzia. Hau da, marrazkiaren kalitatea bigarren plano baten uzten dute, testua lehenetsiz. Erakusketaren helburua da emakumeen artean horren arrotza den eremua ezagutzera ematea. Honela dio Perezek: "Umore grafikoa lantzen duten emakume gutxi daude eta oso ezezagunak dira. Adibide bat: ia egunkari guztiek tarte bat uzten diote umore grafikoari. Bada, egileen artean ez dago emakumerik, edo izugarri zaila da bat aurkitzea".

Obra guztiek umorea dute komunean. Kritika tonu ironikoan egiten dute, egile bakoitzak bere erara. Izan ere, Perezek uste duenez, umore grafikoarekin mezua helaraztea askoz errazagoa da. Gainera, bisitariak 12 egile horietako baten obra ikusten jarraitu gura badu, Aramaioko liburutegian kontsultatu ahalko du.
Egile euskaldun bakarra dago: Irene Borda, Itxaro Borda idazlearen ahizpa. Gainerako komikiak espainieraz daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak