White Shadow-ek Sastiña aurrealdea girotu zuen rock doinuekin

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko ekainaren 12a

Bea Asurmendi herritarraren ahots goxo eta indartsua entzuteko gogoz, bete egin zen Aramaioko plaza egubakoitz iluntzean. Giro bikaina eta musika bikaina. Hori izan zuten Sastiña aurreko plazatxora joandakoek.

Aramaioko Udalak zuzeneko musikaz gozatzeko egitaraua prestatu du ekaineko egubakoitzetan. Horren baitan, White Shadow taldeak kontzertua eskaini zuen egubakoitzean. White Shadow Bea Asurmendiren proiektu berria da. Aramaioko abeslariaz gain, taldeko parte dira Oier Arregi gitarra jole arrasatearra; Paulo Casal baxu jole aretxabaletarra eta Axel Errasti bateria jole aretxabaletarra.

Gustura egindakoarekin

"Kontzertuak ondo irten du eta oso gustura gaude egindakoarekin", adierazi zuen Asurmendik kontzertu amaieran.
Ordu eta 10 minutu inguru iraun zuen kontzertuak. AC/DC talde mitikoaren bertsio batekin hasi zuten emanaldia; jendeak ondo erantzun zuen. Sastiña ermitaren aurrealdean taldekideen koadrilako lagunak eta herriko gaztetxoak zeuden; atzealdean, ostera, tabernaren inguruan gainerako herritarrak. "Rock doinuak izan dira eskaini ditugun abesti gehienak", esan zuen Asurmendik. Bertsioez gain taldeak sortutako abestiak ere eskaini zituzten Sastiñan.

Gitarra eta ahots goxoa

Asurmendik bakarka ere jardun zuen. Gitarra lagun zuela Laster arte abestia eskaini zuen. "Nik sortutako abestia da", zioen.
Rockarekin oso ondo moldatzen direla erakutsi zuten White Shadow taldeko lagunek, eta Asurmendik berak ere onartu zuen beste estilo batzuetan baino hobeto ikusten dutela esaten diotela lagunek. Miren Oteiza eibartarrarekin duen May-Bi taldean dance eta elektronika musika egiten dute, "beste estilo bat".
2010eko azaroan hasi ziren White Shadow taldeko kideak entseguekin, eta lehenengo kontzertua apirilaren 1ean eskaini zuten.

Sastiñako kontzertuak

Zuzeneko kontzertuekin jarraituz, datorren egubakoitzean Parradust taldeak folk musika eskainiko du Sastiña aurrealdean. Hainbat hizkuntza uztartzen dituen taldea da Parradust: gaelera, euskara, ingelesa, eskoziarra... Beti bezala 20:00etan izango da hitzordua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak