Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Egunaren bueltan antolatu du Gasteizko Setem Gobernuz Kanpoko erakundeak jaialdia –maiatzeko bigarren zapatuan egiten da baina ekimena herriko agendetara moldatu behar izaten dute–.
Hori bai, bidezko merkataritza mundu mailako eta beraz urruneko kontzeptu moduan ulertzen dute askok. Baina Aramaion –bereziki– bestelako kontsumo eraren adibide garbiak daude: hor dago Aramaio Baserri Barri egitasmoa eta, horren barruan, Aramailur kontsumo taldea. Noski, azokan hori ez da oharkabean pasako; bi taldeek elkarlanean antolatu dute ekimena.
Setemekoek jo zuten kontsumo taldera: "Udaletxeko teknikari baten bitartez etorri ziren, beste kontsumo talde batzuekin ere egin izan dute-eta. Guk ondo ikusi genuen, gure filosofiarekin bat dator", azaldu du Mikel Oceja Aramailur taldeko presidenteak. Eta honakoa gaineratu du: "Gurea ere bidezko merkataritza da. Setemek nazioartean egiten du lan eta guk herri mailan. Gure ekoizleekin zuzenean egin gura dugu tratua, inongo bitartekari barik, saltzen dutenagatik irabazi justuak izan ditzan".
Bada, bertako taldearen baiezkoa ezin izan dute hobeto hartu Setem-ekoek: "Aramailur ekimena izugarria da, proiektuan nola sinesten duten ikustea; indar handia dauka, izan ere, taldearen antolamendurako gaitasuna miresgarria da. Nor bere testuinguruan, ikuspuntuan bat etorri gara, erabat". adierazi du erakundeko kide Lut Vansant-ek.
Azoka antolatzea, gainera, erraza izan da Aramailur taldeko kideendako: "Eurak medio pilo bat daukate eta guk egin dugun bakarra izan da gure medioekin euren azokan integratzea".
Hemengoak eta kanpokoak
Eguerdira arteko egitaraua prestatu dute. Ekintza ludikoak eta informatiboak uztartuko dituzte. Hau da, adin guztiendako eskaintza polita, merkea eta parte-hartzailea antolatu dute.
Azoka 11:00ak aldera irekiko da, gosari berezi batekin. Setemekoen eskutik, kafea eta bestelako produktuak dastatu ahalko dira. 11:30ean umeendako jolasak hasiko dira eta 12:30etik aurrera, berriz, tragoa eta pintxoa jateko aukera egongo da. 14:00etan zozketa egingo da tragoa eta pintxoa hartzen dutenen artean: aramaioko produktuez osatutako otzara bat eramango du irabazleak.
Gainera, goiz osoan zehar kanpokoko eta bertako musika entzun ahalko da eta Sastiñan erakusketa txiki bat jarriko dute. Kanpoan, hau da, plazan bertan, Aramaioko produktuak –barazkiak, behi-esnea, ardi-esnea eta gazta, besteak beste– eta Setem erakundeak ekarritakoak egongo dira salgai. Egunero ikusten ez den horietako plana, beraz.
Kontsumo taldea, urte hasieratik martxan
Urte hasieratik dabil martxan Aramailur. Barazkiekin hasi ziren, otzara bat astero. Baserritarrekin harreman estutzen doan heinean, bestelako produktuak hasi dira saskian sartzen: arrautzak, ardi eta behi esnea eta, azken astean, lehenengoz, okela. Gazta ere eskaintzen hasi dira. Martitzenero udaletxe azpian elkartzen dira ekoizle zein kontsumitzaileak.
Taldea ez da oraindik erregistratu baina estatutuak egin berri dituzte. Ocejak jakinarazi duenez, ateak zabalik daude taldean sartzeko; honako helbide elektronikora idatzi behar da: aramailur@gmail.com.