Herritarren konpromiso barik, Txirritola desagertzeko zorian

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko maiatzaren 28a

Txirritola euskara elkartearen etorkizuna, 100 bazkide inguru baditu ere, iluna da oso. Azken  bi urteetan sei lagun aritu dira zuzendaritza taldean, duela 11 urte inguru sortu zen euskara elkartearen biziraupena bermatzen: Rosa Mondragon, Xabier Herrarte, Eskarne Ugarte, Olatz Altuna, Iraia Elortza eta, 2010eko batzar orokorraren ostean, David Jauregi. Jende eta haize berrien falta du euskara elkarteak eta horri aurre egiteko herritarrei dei egin diete ekainaren 2an Kultur etxean (19:00) egingo den batzar orokorrean parte hartzeko.

2009an desagertzeko zorian izan zen: aurrekoek utzi eta talde berria aukeratzeko lehen deialdian inor gutxi aurkeztu zen. Bada, ezohiko bigarren deialdi bat egin behar izan zuten; orduan osatu zen egungo zuzendaritza taldea. Zergatik horren jende gutxi? Hainbat faktore daude: "Nolabaiteko konpromisoa eskatzen du euskarekiko eta hainbat ekimen antolatzeko. Eta Txirritola ez da, adibidez, Trikitixa taldea: seme-alaba Trikitixa taldean izaten duena behartuta dago nola edo hala taldearen ekimenetan parte hartzera. Txirritolaren kasuan erabateko borondatea behar da", uste du Rosa Mondragonek.

Bestalde, Xabier Herrarteren arabera, ez da erraza "halako herri txiki baten" euskara elkartean lan egingo duen jende ezberdina aurkitzea: "Txirritolan, beste elkarteetan ez bezala, borondatez aurkezten dena sartzen da zuzendaritza taldean. Hau da, ez dago aukeraketa prozesurik. Eta 11 urteotan borondatez aurkeztu direnetako asko nekatu egin dira. Kopuru aldetik ere ez dago jende larregi konpromisoa hartzeko gertu dagoenik".

Batzar irekia ekainaren 2an

Bazkide edo ez bazkide, aramaioar guztiak daude gonbidatuta ekainaren 2an (19:00) Kultur etxean egingo den batzar orokorrera. Egungo taldeak argi utzi du: "Jende berria behar dugu, belaunaldi aldaketa bat. Pertsona berriez gain, ideia berriak behar ditugu. Txirritolak aldaketa sakona behar du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak