EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkarteak antolatutako biraren barruan, Aramaio bisitatu zuten atzo Amerikako Estatu Batuetatik etorritako 16 lagunek. Euskal Herrian lehenengo sektoreak bizi duen egoera ezagutzera etorri ziren, eta tartean esan moduan, Aramaioko baserritarrak eta landa ingurunea ezagutzen izan ziren.
AHTren lanak
Herriko alkate Asier Agirrek Aramaio lehen nolakoa zen azaldu zien: kontatu zien baserria izan dela lehenengo sektorearen bultzatzailea eta bertako enpresa azken finean. Eta horretan ari zirela, AHT proiektuak eragindako kalteak ere izan zituzten hizketagai; azpiegitura horrek hartuko dituen lurrak eta parajeak ikustera eraman zituzten bisitariak. Amerikarrak harrituta gelditu ziren paisaia aldaketa ikusi zutenean.
Aramaio Baserri Berri
Paisaia ikusi eta gero, Aramaio Baserri Berri proiektuaren berri ere eman zieten kanpotik etorritako lagunei. Proiektuaren helburua da bertako ekoizleek bertako kontsumitzaileei zuzenean ematea produktua, bitarteko barik, eta modu horretan lehenengo sektorea bultzatzea. Egindako lanaren erakusgarri, bertako baserritarrek egindako sagar zukua eman zieten dastatzeko.
Esperientzia aberasgarria
Aramaioarrendako eta bisitariendako, biendako izan zen aberasgarria esperientzia trukaketa. Gainera, hemen ikusi eta ikasitakoarekin dokumental bat ere egiten badabiltza erakusteko Nikaraguan, Mozanbiken edo Europan bizi diren baserritarrek antzeko arazoak dituztela.