Hasteko, kanpokoendako galdera: zergatik izen hori? Zergatik Eguzkierripa Rock?
Jaialdia Andra Mari ermitan egiten da eta Eguzkierripa auzoan dago kokatuta. Auzoaren izenari musika kutsua jarri genion eta listo. Beraz, jaialdiaren izenari ez genion buelta larregi eman.
Nondik sortu zen halako jaialdi bat sortzearen ideia?
Aurten hirugarren urtea izango da. Lehenago ere antolatu izan ditugu kontzertuak, Gazte Eguna eta halako ekimenak. Bada, Eguzkierripa Rock jaialdiaren ideia ildo horretatik sortu zen, lagun arteko berbaldi baten emaitza moduan. Herrian ezaguna den leku eder baten, hau da, Andra Mari ermitan, zerbait egin zitekeela pentsatu genuen. Aterpe ederra dugu eta ermita bat izateak beste xarma bat ematen dio. Hala hasi ginen, duela hiru urte.
Aurten zer prestatu duzue?
Egun osorako plana prestatu dugu. 13:00etan herri poteo animatu batekin hasiko dugu eguna, Ibarran. Gero kalejiran igoko gara Andra Mari ermitara. Asmoa da bai poteoan eta bai kalejiran zarata handia ateratzea.
Herri bazkaria egingo dugu ermitaren ondoan, 14:30ean hasita. Txartelak eguenera arte egongo dira salgai herriko tabernetan, 12 eurotan. Paella jango dugu, besteak beste.
Eta bazkalostean, zer?
Herri bazkariaren ostean joko ezberdinak egingo ditugu; ea joko horietan jendea parte hartzera animatzen den. Jokoen ostean zuzeneko musika izango dugu protagonista, 20:00etan hasita: Miseria, Kate's Maniacs, Gazte Iraultza, Alta Tension eta Kañeria 13. Interprete Desconocido taldeak ere jo behar zuen baina bateria joleak arazoren bat du eskuan. Azken orduan saiatuko gara beste talderen bat lortzen. Talde gazteak dira gehienak, eta gertukoak: Aramaio, Arrasate eta Aretxabaletakoak, hain zuzen.
Kañeria 13 taldearen gainean esan beharra dago iaz herriko jaietan jo behar zutela eta azken orduan ezin izan zirela etorri. Aramaioarrokin zorretan zeuden eta zapatuan joko dute.
Hirugarren edizioa da aurtengoa. Nola joan dira aurreko biak?
Orokorrean oso ondo. Jende dezentek parte hartu izan du eta esan daiteke gazteon artean behintzat urteroko zita dela. Hau da, askok galdetzen diguten ea aurten egin behar den eta hala bada noiz izan behar den; herrian errotuta dago. Gazte Asanbladarendako oso hitzordu garrantzitsua da.
Zerbait gaineratzea gura duzu?
Herritarrei animatuko nieke parte hartzera eta egun berezi horretan ondo pasa dezala.