Plan Orokorra onartu du Udalak, oraindik behin-behinekoa bada ere

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko maiatzaren 19a

Datozen zortzi urteetan indarrean egongo den Aramaioko Plan Orokorraren behin-behineko txostena onartu zuen Udalak eguazteneko osoko bilkuran. Plan Orokorrak, besteak beste, eraiki daitezkeen etxebizitza kopurua mugatuko du.

2010eko abenduaren 13ra arte egon zen ikusgai planaren bigarren zirriborroa eta herritarrek interes handia erakutsi zuten hasiera-hasieratik. Hala, herriko eragileen partaidetza bermatu duen Aholku Batzordea sortu zen  proiektuaren lehen aurrerakina aurkeztu zen une beretik.
Plan Orokorrak, besteak beste, eraiki daitezkeen etxebizitza kopurua mugatuko du. Eta gainera, eredu soziala bultzatzea helburu, etxebizitzen erdia babes ofizialekoak izatea eta beste erdiaren %70a tasatuak izatea, hau da, Udalak jarritako prezioan saltzea. 

Orain, instituzioetara
Herritarren parte-hartzearen fasea amaitu da. Orain, Jaurlaritzara bidaliko da eta han aztertu ostean, Diputaziora. Hala ere, lehenago azken orduko eskritura akats batzuk zuzendu beharko ditu plana idatzi duen taldeak, astebeteko epean: "Oso garrantzitsua da dokumentu hori ondo idatzita bidaltzea", adierazi du Asier Agirre alkateak.

EAJ: "Lau urteotan ez, eta orain?"

Aramaioko EAJk osokoko gai zerrenda kritikatu du: "Aztertu diren bi konturi legealdiko lau urteetan ez die konponbiderik eman. Posible da, lau urte eta gero, hauteskundeetarako bi egun geratzen direnean onartu behar izatea?". Horrez gain, Plan Orokorraren gaineko informazio eza ere salatu dute. Alkatearen ustez, bestalde, hauteskundeak izan arren Udalak ohiko jarduna mantendu behar du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak