Bertsoa bidelagun duen abentura, ondo pasatzeko barnetegian

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko maiatzaren 17a

Arabako bertsozale elkartearen proposamena aintzat hartuz, Zuiako koadrilako ikasleendako bertso barnetegia egingo da aurten ere, ekainaren 10etik 12ra bitartean. Aurten Sarriako Goikuria aterpetxera joango dira Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleak. Aurreko edizioetan Aramaioko ordezkaritzarik ez da falta izan, eta aurten ere, noski, gonbidatuta daude.  

Ekimenak bost urte beteko ditu aurten eta antolakuntza lanetan diharduen Manex Agirre bertsolari aramaioarrak dioenez, ekimen "oso interesgarria" da: "Euskararen normalkuntzarako eta eskualdeko herri ezberdinetako haurrak gune zehatz baten elkartzeko ekimena da. Haurrak elkartzen dira beste arrazoi batzuk direla medio –kirolagatik, adibidez– baina ahozko euskara eta bertsolaritza bera elkartzeko aitzakia izatea interesgarria da oso".

Eta nola gerturatzen zaio bertsolaritza haur bati? Bada, Agirrek dio "modu asko" daudela: "Barnetegiko begiraleak modu ludiko baten saiatzen dira bertsolaritza haurrengana helarazten. Helburua ez da aterpetxetik bertsolariak ateratzea, baizik eta bertso zaletasuna zabaldu eta haurrek ondo pasatzea, bertsolaritzaren teknikarik oinarrizkoenekin". Adibide konkretu bat jarri digu Agirrek: haurrak korruan jarri eta bakoitzak bere izenarekin errima bat osatzea eta errima horretatik kopla bat egiten saiatzea. Eta, noski, aitzakia horrekin asteburu bat euskaraz eta jolasean pasatzea. 

Izenematea, hilaren 26ra arte
Izena emateko azken eguna da maiatzaren 26a da. Aramaioarrek Udalean aurkeztu behar dute 35 euro ordaindu izanaren ordainagiria. Zuiako koadrilako ikasleendako irteera da eta Aramaiotik 18:00etan irtengo da autobusa, hilaren 10ean. Domekarako Aramaioko eskolan izango dira, 14:15ean. Honakoa eraman beharko dute ikasleek: mendiko botak, lo-zakua, aldatzeko jantziak eta garbiketarako gauzak.

Aurreko edizioetan, arrakasta nagusi

Aurreko urteetan, batazbeste, 25 bat haurrek hartu dute parte bertso abenturan. Agirrek jakinarazi du adina pasatzen ez zaienetako askok errepikatu egiten dutela: "Oso gustura ibiltzen dira. Bertsolaritza hurbiltzeko ekintzez gain, bestelako hainbat ekintza egiten dituzte".

Aurtengo egitarauak ez dauka nobedade handirik. Ekainaren 10ean 19:15ak aldera helduko dira aterpetxera. Heldu eta berehala elkar ezagutzeko jolasak egingo dituzte, taldetan banatuta. Afalostean, berriz, bertso puzzle jokoa eta kanta tailerra egingo dute. Zapatuan, berriz, egun osoa aprobetxatuko dute: mendi buelta, tailerrak, joko zikinak eta, noski, bertso saioa egingo dute. 18:00etan hasiko dira saioa prestatzen, izan ere, zuzenean hartuko dute parte. Bertso saioa 22:00etan hasiko da eta Arabako bertso eskoletako bertsolari gazteek hartuko dute parte. Domeka eguerdian bueltatuko dira euren etxeetara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak