"Aniztasunean" bildu den aukera "abertzalea eta ezkertiarra" dela adierazi du Bilduk aurkezpenean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko maiatzaren 11

Aramaioko Bilduk Kultur etxean egin zuen atzo hauteskundeetan Udalera aurkeztuko duen taldearen aurkezpena.  Aramaiorako aukera "abertzale eta ezkertiarra" direla adierazi zuten. Gonbidatu moduan Ander Rodriguez Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hirugarren doana izan zen aurkezpenean. Esker on hitzak izan zituen aurkezpenerako gonbidatu izanagatik: "Ez dugu guk erabaki, gizarteak aspaldi erabaki zuen Euskal Herrian agertoki berria behar zela, aldaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala behar zela. Bada, sentsibilizazio ezberdineko jendea batuz sortu den apustu politiko honek agertoki berri horren alde egingo du lan".

Aramaioko Bilduk aurkezpen ekitaldia egin zuen atzo. Aramaiorako duten programaren nondik norakoak azaltzea zen ekitaldiaren helburua. Gonbidatu berezi bat ere izan zuten: Gipuzkoako Batzar nagusietarako hirugarren doan Ander Rodriguez arrasatearra izan zen bertan.

Bilduk Euskal Herrira ilusioa ekarri duela adierazi zuen Rodriguezek eta koalizioak programarik erakutsi ez duela diotenen aurrean honakoa adierazi zuen: "Ilegalizazioaren mamua izan dugu atzetik eta oraindik ere hor daukagu, mehatxua ez da desagertu. Proiektu zehatzak ditugu, baina azken hilabetean oinarrizko eskubide bat aldarrikatzen aritu gara; hauteskundeetara aurkezteko eskubidea, hain zuzen. Baina, oztopoak oztopo, Bildu hauteskundeetan egongo da".

Koalzioaren lana hauteskundeetatik haratago dagoela defendatu zuen Rodriguezek: "Bilduk etorkizun handia dauka. Hauteskundeen ostean Euskal Herria eraldatzen jarraituko dugu eta aldaketa hori atzeraezina izango da".

"Herritik Udalera eta Udaletik herrira"

Zerrendako kide diren aramaioarrek Aramaioko Bilduk eskainiko duen programa azaldu zuten arloz arlo. Herritik Udalera eta Udaletik herrira doan kudeaketa da koalizioaren ardatza, eta herritarren parte-hartze aktiboa izango da euren lanaren oinarri.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak