Jon Agirre: "Dispertsioaren eta zigorren bitartez gu apurtzen saiatzen dira"

Maider Arregi 2011ko mai. 10a, 11:08

Osasunez makal xamar badago ere, 'Elurtxuri'-k adorea eta indarra badituela erakutsi digu. 30 urte kartzelan eman ostean, etxean da lagun eta senideekin batera. 69 urterekin, irribarrea aurpegian daukala eta bizitzari eusteko ilusioz ikusi dugu Jon Agirre Elurtxuri preso politiko ohia.

Dagoeneko lasaiago?
Kartzelatik irten aurretik telefonoz galdetzen zidaten ea urduri  nengoen, baina ez naiz urduri jarri, ezta azken egunetan ere. Orain ere oso lasai nago, pozik.

Nola topatu dituzu Aramaio eta inguruko herriak?
Gauzak oso aldatuta ikusi ditut, jendea eta paisaia, batez ere; bizitzaren eboluzioa da. Autotik pasadan ikusi dut paisaia eta oso aldatuta dago. Entzunda neukan sekulako posteak daudela jarrita eta argazkiak ere ikusita neuzkan; GOIENA paperaren bitartez ere jarraitu ditut AHTko lanak. Baina nire begiekin ikustean, harritu egin naiz eta inpresioa eragin dit. Espetxe barruan Euskal Herriko kontuak jakiteak asko laguntzen digu eta hemengo berri ere izan dut, jakina.

Harrera hunkigarria egin dizu herriak.
Basaurin sekulako harrera egin zidaten goizaldean; orain 30 urte, horrelako harrera berorik ez zegoen. Espetxean ezagutu nituen lagunak, aramaioarrak, lagun asko eta ezezagunak ere pilotalekuan izan ziren. Hamarretik zortzi gazte jendea ziren eta hori ikustea, espetxetik irteten zaren unean, ikaragarria da. Aurrera egiteko indarra eta animuak ematen dizkizu.

Parot doktrina, bizitza osorako kartzela zigorra.
Parot doktrina legez kanpokoa da. Konstituzioak dakar kondenak ez direla atzeraeraginezkoak, hau da, ezin zaio aurrez emandako epai bati aplikatu. Preso politiko guztiei hori aplikatu nahi diete. Hortxe duzu Troitiñoren kasua, esaterako.

"Ion, zu zara Euskal Preso Politikoen Kolektiboari ezartzen zaion espetxe politikaren irudia. Guretzat, duintasunaren eredu. Maite zaitugu!" Gisa horretakoak entzutean zer sentitzen duzu?
Entzutea polita da... sinistea beste kontu bat [kar kar]. 30 urte eman ditut barruan, eta zein baldintzatan? Askatasuna eta beste gauza asko kentzen dizkigute, edo horretan saiatzen dira behintzat.

700 preso politikotik gora kartzelan. Zein da presoen egoera, gaur egun?
Pertsona bakoitza eta kartzela bakoitza ezberdina da. Andaluziakoak dira gogorrenak; janaria izateko orduan edo medikuarengana joaterakoan aldatzen da, nagusiki. Funtzionarioen eta kartzelako zuzendarien esku gaude; egoera ezberdina da, bareagoa edo gogorragoa bizi dezakete presoek. Gaixorik daudenak ere asko dira, jendea zahartuz doa. Nik, esaterako, lehen ez nituen pastillak hartzen eta orain egunean 12. Espetxeko medikuaren esku dago zure osasuna eta hori kartzelaren araberakoa da.

Presoek barruan bizi duten egoera zein da?
Funtzionarioen eta zuzendarien aldetik presio handia dago eta kanpoan gertatzen den guztiak eragiten dizu. Ekintza bat egin denean, esaterako, preso bakoitzak bere erara erreakzionatu du. Sekulako inpotentzia, ezintasuna duzu barruan. Nik gogoan daukat Txomin Iturbe hil zenean negar egin nuela. Nahia eta ezina.
Bobby Sands hil zela 30 urte bete berri dira. Orduko aldarrikapenetatik zerbait lortu da? Gurean badu isla?
Ahaleginak egin ditugu, baina askorik ez dugu lortu politika mailan: barruan, espetxeko egoera pixka bat hobetzeko, agian, zerbait lortu dugu, baina politika mailan ezer gutxi. Zigor eta dispertsioaren bitartez, lortzen dugun guztia apurtzen dute.

Gose grebak, txapeoak... presoen borrokak, barruan, zuen duintasunari eusteko balio izan al du?
Bai eta ez. Horrek askotan zatiketa eragiten du gure artean ere; jendeak jota bukatzen du. 10 hilabeteko txapeoa, esaterako, –Herrerako martxa, adibidez– oso gogorra da guretzako eta baita familiarendako ere. Egunero hori bizitzea ikaragarria da.

30 urte kartzelan. Zer izan da gogorrena?
Iratin trago bat ez hartzea, adibidez [kar kar]. Ez, gauza asko daude: inpotentzia, amorrua…Gauzen ondorioak ikusten dituzu eta sekulako inpotentzia da. Lehen 10 urtetan jai guztiekin akordatzen zara, baina gero pixkanaka ahazten dituzu herriko gauza batzuk… garai bateko erromeriak eta jaiak ere desagertu edo aldatu egiten dira-eta.

Noiz ikusi zenuen azkenekoz ilargi betea?
Nik 1989an Sevillan ikusi nuen eklipsea dut gogoan eta oraindik akordatzen naiz. Ilargi betea ikusi izan dut patioan ilunkararen batean, baina txabola barrutik ez da ezer ikusten.

Urte guzti hauetan lagun eta senitartekoen babesa garrantzitsua izan da, ezta?
Nik kristoren suertea izan dut eta 30 urtetan, aste bukaeretan, beti izan dut bisita. Jende gaztea, nagusia... denetarik; atera kontuak, espetxeratu nindutenean oraindik ere jaio gabe zeuden gazteak etorri zaizkit bisitan! Barruan dagoenarendako beharrezkoa da.

Bildu koalizioa hauteskundetan egongo da. Horrek egoera eta mapa politikoa guztiz aldatuko du.
Pozik hartu dut albistea. Bilbotik bueltan, Twitter sare sozialaren bidez zurrumurrua zegoela entzun nuen irratian eta ondoren ofizial egin zuten. Bilduk ate bat ireki du, baina bidea dago egiteko eta asko! Boto asko jasoko dituela uste dut, herrian hori sumatzen da. Lehen, herria ETAk baldintzatzen zuen; orain, ez dago ETA. Politikarien jokoa hasten da orain. Atea zabaldu barik ezin da aurrera pasatu, ulertzen? Espainiako estatuaren ibilbidea, historia ikusita, oraindik buelta etorri daiteke. Frankistek boto asko dute eta jende asko dago Felipe II.aren zaldira igota oraindik. Dena egiteko dago eta gehiago orain, azken urteetan ez digutelako utzi ezer egiten. Herri mailan lan asko egin beharko da eta gure demokraziarako atea zabalik dugu. "Merece la pena tanto tiempo? Yo a mi hijo le mandaría de casa…", esan zidan erizain batek Basurton. Nik bere semeagatik berdina egingo zuela erantzun nion.

Noiz moztuko duzu bizarra?
Erregimena aldatzen denean moztuko dut [kar kar], benetan!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak