Pozik eta lehen indarra izateko itxaropenaz Aramaioko Bildu

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko maiatzaren 5a

"Auzitegi Konstituzionalak erabaki zuzena hartu du, albiste oso pozgarria da. Urduritasuna eta kanpoan geratuko ginen beldurra ziren nagusi, eta orain hauteskundeetan egongo garela jakin ostean, itxaropenak ordezkatu ditu urduritasuna eta beldurra". Ramon Ajuria Bilduren Aramaiorako alkategaiaren adierazpenak dira, koalizioa maiatzaren 22ko Udal eta Foru hauteskundeetan egongo dela jakin ostean egindakoak.

"Oso pozik gaude eta itxaropena dugu Aramaioko lehen indarra izateko eta, beraz, alkatetza lortzeko", dio Ajuriak.   

Eguen arratsaldean Bildu koalizioko Aramaioko hautagaiek ilegalizazioaren aurkako elkarretaratzea egin zuten, Eskubide guztiak denontzat, ilegalizaziorik ez! lelopean. Hasiera baten Bilduren aurkezpen ekitaldia egin behar zuten, baina Auzitegi Konstituzionalaren azken epaiari itxarotea erabaki zuten azken orduan. Hala, zerrenden aurkezpen ekitaldia martitzenean egingo dute, 19:00- etan, kultura etxean.

Kudeaketa,"herritik Udalera"

Herritik Udalera eta Udaletik herrirako kudeaketa, hori da Bilduk aurkeztu duen programaren ardatza. Ajuriak halaxe azaldu du: "Udala eta herritarren arteko komunikazio eta harreman zuzena bermatu gura ditugu, horretarako tresna berriak eta eraginkorrenak zeintzuk diren aztertu eta herritarrekin batera adostuz".
Gainera, "lan egiteko gogoz eta ilusioz" datozela gaineratu du Ajuriak. Proiektu zehatzei dagokienez, lehen sektorea indartzen saiatuko direla dio Ajuriak: "Aramaio Baserri Barri ikusten dugu herriko lehen sektorea bultzatu eta mantentzeko motor moduan eta egitasmo horren alde egingo dugu lan. Lehen sektoreak Aramaion merezi duen lekua izatea gura dugu".

Aurrekoen lana, "begi onez"

Bestalde, Ajuria alkate irtengo balitz egingo zukeen lehendabizikoaz galdetuta, honakoa erantzun du: "Zinegotzi taldearekin batu eta aurreko udalbatzak egindako lana ondo aztertuko nuke. Baina, printzipioz, lan horri jarraipen bat emango diogu. Izan ere, azken lau urteetan egindako lana begi onez ikusten dugu eta lan egiteko modu horretan oinarrituta, Aramaio hobetzen jarraitzea da gure asmoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak