Gogotsu bota zuen euria eta horrek guztiz baldintzatu zituen goizerako asmoak, ez baitzen izan kalejirarik egiterik. Erdigunean nahiz auzuneetan, aterpean egin behar izan zituzten saioak, eta musika tresnak zorroetan gordeta eraman batetik bestera.
Eguerdian, baina, kiroldegi eta kultura etxe artean jarritako karpan babestuta, hasi zen giroa berotzen. Orduantxe izan zen ekitaldi nagusia: Angel Mari Lopez de Bergarak, Rosa Kortabarriak eta Juan Luis Nafarratek lore sorta bana jaso zuten, duela 15 urte Aramaioko trikiti eskola sortzeko egindako lanagatik. Eta hirukotearen atzetik, taula gainera igo eta pieza batzuk jo zituzten bederatzi herritako trikiti eta pandero jotzailek; musika jo bakarrik ez, baita kantuan eta dantzan egin ere.
Gozategik, arrakasta
Karpatik kiroldegirako bidea hartu zuten ostean, bazkaltzeko; 575 lagun batu ziren, orotara. Eta behin tripa beteta, karpara, atzera ere, Gozategi taldearekin dantzan egitera. Orioko taldeak sekulako arrakasta izan zuen.
Datorren urtean, Eskoriatzan
Aramaion ospatutakoa Debagoieneko Trikiti Egunaren zazpigarren edizioa izan da; eta zortzigarrena, Eskoriatzan ospatuko da. Zapatuko ekitaldian jaso zuen lekukoa Adolfo Jaimaga Eskoriatzako trikiti eskolako maisuak.
Hori baino lehenagoko hitzordurik bada, baina, trikitilarientzat: Euskal Herriko Trikiti Eguna. Ekainaren 4an izango da, Landako gunean, Durangon.