Antolatzaile lanetan, besteak beste, Gurutze eta Josune Uribarren ahizpak dabiltza. Gurutzek azaldu digu dena gertu dutela biharko, eta eguraldiak laguntzea bakarrik falta dela.
Horrelako ekitaldi bat antolatzeko entsegu asko egin behar diren galdetuta, Gurutzek dio entseguak baino gehiago batzar asko egin behar izan dituztela. Entseguei dagokienez, Aste Santu aurretik egin zituzten gehienak, eta azkena astean bertan egin dute, eguaztenean.
Bederatzi herri
Zazpigarren edizioa izango da aurtengoa. Bederatzi herritako ordezkariak batuko dira Aramaion: Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Bergara, Antzuola, Oñati, Soraluze eta Aramaioko musikariak; gainera, aurten, Zaldibargo trikitilariak izango dira talde gonbidatua.
"Guztira, 350 trikitilari etorriko dira, baina bazkaritarako lagun gehiago elkartuko gara, 570 inguru", azaldu du Gurutze Uribarrenek. Agertokia kiroldegi ondoko berdegunean jarriko dute eta han egingo dituzte ekitaldi gehienak. Ongietorria izango da 10:45ean, ondoren kalejira egingo dute eta 13:00etan ekitaldi nagusia. Bazkaldu ondoren, Gozategi taldearen doinuaz gozatzeko aukera egongo da.
Omenaldi xumea
Aramaioko Trikiti Egunean gurasoak omendu gura dituzte, "euren laguntza beharrezkoa" izaten delako horrelako ekitaldiak antolatzeko. Baina bihar omenaldi berezia jasoko dute orain dela 15 urte Aramaion Trikiti Eskola sortu zutenek: hain zuzen, Angel Mari Lopez de Bergarak, Rosa Kortabarriak eta Juan Luis Nafarratek.
Trikiti Egunaren beste berritasun bat auzoek izango duten protagonismoa izango da; hau da, erdigunean jotzeaz gain, Uribarri, Untzilla, Barajuen eta Azkoagan ere ibiliko dira trikitilariak. "Auzoak herriaren parte sentitzea gura dugu", azaldu du Gurutzek.
Bestalde, egunean zehar hainbat sorpresa izango dira: zozketak, produktuen dastatzeak...
Aramaioko trikiti taldea
Orain dela 15 urte sortu zuten Aramaion trikiti taldea. Gurutze eta Josune Uribarrenek hartu zuten trikitia eta panderoa irakasteko ardura. Gaur egun, 20 ikaslek pandero eskolak hartzen dituzte eta beste 21 ikaslek, trikiti eskolak.