Ramon Ajuria, Aramaioko Bilduren alkategaia: "Herritik Udalera eta Udaletik herrira lan egitera gatoz, gogoz eta ilusioz"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko maiatzaren 3a

Politikagintzan berria bada ere, "gogoz eta ilusioz" ekingo dio Ramon Ajuriak Bildu koalizioaren Aramaioko alkategai izateko ardurari. Politika munduan ez, baina taldean lan egiten esperientzia baduela dio, eta Aramaioko Bilduren adierazgarri da, hain justu ere, maiatzaren 22ko udal eta foru haurteskundeei begira talde moduan aurkeztu eta indarrak batzeari "berebiziko garrantzia" eman diotela. Hori bai, aitortu digu ez dituela arerio errazak: "Biak politikan ibilitakoak dira, esperientziadunak". Nafarratez (EAJ) eta Uribez (Aramaio Alkartasuna) ari da Ajuria, biak alkate izandakoak. 

 

Soslaia

Duela 48 urte jaio zen Arrasaten. Arrasatearra bada ere, ondo baino hobeto ezagutzen du Aramaio, 24 urte daramatza-eta bertan bizitzen; emaztea aramaioarra da. Merkatari lanetan dabil aspalditik eta egun negozio propioa dauka, Arrasaten. Auto-kontzesionario bat darama. Ezkonduta dago baina ez du seme-alabarik.

Zer eskainiko dio Bilduk Aramaiori?

Herritik Udalera eta Udaletik herrirarako kudeaketa, hori da gure ardatza. Denon parte-hartzeaz, hau da, parte-hartze demokratiko aktiboaz, gure herria hobetzen jarraitu gura dugu. Udala eta herriaren arteko komunikazio eta harreman zuzena bermatu gura ditugu, horretarako tresna berriak eta eraginkorrenak zeintzuk diren aztertu eta herritarrekin batera adostuz. Lan egiteko gogoz eta ilusioz gatoz eta ez, beste batzuek egin duten moduan, karrera politikoa egitera.

Zein da Bilduk Aramaiorako prestatu duen programa, alorrez alor azalduta?

Guretako alor guztiak dira garrantzitsuak, baina batez ere lehen sektorea da indartu gura duguna. Aramaio Baserri Barri ikusten dugu Aramaion lehen sektorea bultzatu eta mantentzeko motor moduan eta egitasmo horren alde egingo dugu lan. Lehen sektoreak Aramaion merezi duen lekua izatea gura dugu. Horretaz aparte, Aramaion horrenbeste arazo sortu dituen Ongizate eta Emakume arloari bultzada berezi bat emango diogu. Hala, bi arlo horiendako batzorde berezituak sortzea da gure asmoa. Bestalde, alorrez alor hauek izango dira gure programaren ardatz nagusiak:

Hezkuntza: Euskal Herria eta euskara aintzat hartuko dituen hezkuntza eta jendarte eredua bultzatuko dugu.

Ekonomia eta Ingurumena: Herriko baliabide naturalak erabiliz energia berriztagarrien aldeko apustua egingo dugu eta herriari eragiten dioten azpiegitura erraldoien aurrean –AHTa eta goi tentsiodun linea, esaterako– kontrako jarrera irmoa izango dugu. Gainera, gure basoei ustiapen bideragarria ematea izango da beste erronketako bat.

Hirigintza: Eroso bizitzeko herria eraikitzen jarraituko dugu. Hala, Plan Orokorra onartu eta bertako etxebizitza multzo berriak zehaztuko ditugu. Etxebizitza sozialak dira gure apustua, tasatuak eta babes ofizialekoak.

Kultura eta Ondarea: Ondarea ezagutu eta maitatzeko giltza, gure ustez, zahar eta gazteen arteko transmisioan datza. Bestalde, kultur taldeei protagonismoa emango diegu eta taldeon arteko koordinazioa bultzatuko dugu egutegi bateratu bat osatzeko.

Berdintasuna: Batzorde bat eratzeko beharra ikusten dugu; emakumeen aldeko dinamikak bultzatu eta babestuko ditugu.

Auzoak: Aramaion 13 auzo daude eta horiei guztiei garrantzia eman gura diegu. Izan ere, uste dugu auzoen parte hartzea Aramaio bezalako herri baten beharrezkoa dela. Finean, gakoa da auzotarrak herritar sentiaraztea.

Zeintzuk uste dituzu direla gaur egun Aramaioren premia nagusiak?

Etxebizitzaren arazoari aurre egitea. Aramaioar batek erosteko moduko etxeak eraiki gura ditugu, herritarren beharren araberako etxeak. Horretarako Plan Orokorra onartzea ezinbestekoa da, etxebizitza tasatuak eta babes ofiazialekoak egin ahal izateko.

Bestalde, lehen sektorea duela 50 urte izan zuen lekuan jartzea gura dugu. Hau da, herriko sektore garrantzitsuena denez, merezi duen lekura bueltatzeko ekimenak bultzatuko ditugu.

Zer da Aramaiotik gehien gustatzen zaizuna?

Aramaiok hartu duen bizitasuna. Baserritarrak, erretiratuak, gazteak... adin tarte guztiendako aproposa da herria. Oso bizirik dago Aramaio.

Eta gutxien?

Abiadura Handiko Trenaren obrak eta lanok ekarri dituzten ondorio larriak.

Zergatik sartu zara politikan?

Sentsibilitate eta esparru ezberdinetako jende asko bildu gara Bilduren filosofiarekin bat egin dugunak. Proiektu polita da eta ni zerrendako lehena izan arren, talde bat gara eta hala aurkeztu gara hauteskundeetara. Taldeak bultzada handia eman dit eta oso babestuta sentitzen naiz alde horretatik. Politikan ez naiz sekula ibili baina betidanik sentsibilitate handia izan dut nire herriari gertatzen zaionaz. Gainera, taldean lan egiteko ohitura handia dut eta horregatik gogoz eta ilusioz aurkeztu naiz Aramaioko alkatetzara. Beste erronka bat moduan hartzen dut. 

Nolako Aramaio amesten duzu?

Batuta dagoen herria gura dut, ezberdintasunak ezberdintasun, Euskal Herriaren aldeko proiektu bateratu baten parte hartu gura duen Aramaio bat.

Alkate irtengo bazina, zer izango litzateke egingo zenukeen lehendabiziko gauza?

Zinegotzi taldearekin batu eta aurreko udalbatzak egindako lana aztertu ondoren jarraipen bat eman. Azken lau urteetan egindako lana begi onez ikusten dugu eta lan egiteko modu horretan oinarrituta, Aramaio hobetzen jarraitzea da gure asmoa.

Amaitzeko, zerbait gaineratzerik nahi?

 Bihar [gaur] aske geratuko da Jon Agirre preso aramaioarra. Albiste pozgarria da; aramaioar bat gehiago bihartik [gaurtik] aurrera.

 

Gertutik

Herriko txokorik gustukoena: Zabalaundi.

Herritar bat: Manex Agirre.

Pertsonaia historiko bat: Bernat Etxepare.

Telebistako saio bat: Telebista gutxi ikusten dut; National Geographic-en dokumentalak nabarmenduko nituzke.

Irakurri duzun azken liburua? Neurosis y genialidad, Johannes Cremerius idazlearen errekopilazio lana. Zenbait pertsonaia historikoren psikologia aztertzen da liburuan; horien artean daude, besteak beste, Hitler edo Napoleon.

Egunkaririk erosten duzu. Zein? Ez.  

Eta irakurri? Interneten irakurtzen dut prentsa eta denetarik irakurtzen dut. Gustuko dut, adibidez, kirol prentsa irakurtzea.

Sare sozialetan ibiltzen zara? Ez.

Interneten, zertan ibiltzen zara? Lan kontuetarako eta lagunekin komunikatzeko.

Ze webgune bisitatzen dituzu? Burura datorkidan lehen webgunea Goiena.net da.

Ikusi duzun azken filma? Ez dut gogoratzen, ez dut zinemara joateko ohiturarik.

Abesti bat? The Queen taldearen Bohemian Rhapsody.

Mania bat? Duela 40 urte, jaunartzean, oparitutako sardeska berarekin bazkaltzen dut egunero.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak