Iñaki Nafarrate, Aramaioko EAJ-ko alkategaia: "Aramaiok zeukan nerbioa berreskuratu behar du eta horretarako konpromisoa, gestioa eta lana eskainiko ditugu"

Jon Berezibar 2011ko api. 24a, 00:59

Aurretik alkate moduan eginiko 8 urteetan emandako konfiantza eskaintzera dator EAJko Aramaioko alkategaia. Herria "erdi hilik" ikusten du eta alkate izanez gero egoera horri buelta eman gura dio. Diputazioan eginiko lanarekin Arabako antzeko herrietako egoera gertutik ezagutzea lortu duela dio eta, ikusitakoarekin, Aramaio hobetu gura du. Pertsonen arteko harremanetan oinarritzen du bere jardun politikoa.

Soslaia

Bere hasiera bateko asmoen barruan ez bazegoen ere, alkatetzara itzultzeko "gogotsu" dator Aldunditik Iñaki Nafarrate. 59 urte ditu, Industri maisu ikasketak eta bi seme-alaba dauzka. Esperientzia politiko luzea dauka, alkateorde izan zen 83ko agintaldian eta alkate bi aldiz, 1995etik 2003ra. Gaur egun, Arabako biltzarkide izan eta gero, Toki Administrazio eta Antolamenduko Diputatu moduan dihardu.

 

Mezu nagusi bat helarazi gura izatekotan, zein?
Momentu honetan gabiltza programaren xehetasunak lantzen eta dagokion momentuan jakinaraziko dugu baina guk oinarrian Aramaioko herritarrei eskaintzen dieguna konpromisoa da, kudeaketa ona eta lana. Alkate bezala 8 urte egin eta gero, nik uste dut herritarrek badakitela nik eman dezakedana. Herritarrek ezagutzen naute eta nire asmoak zeintzuk diren ere badakite. Hor dago konfiantza eta horixe da guk eskaintzen duguna.

Konfiantza hori berreskuratu beharra dagoela ikusten duzu?
Normala den moduan. Ni lau urtez kanpoan egon naiz eta bueltatzeko garaia da; gogotsu nator gainera. Maiatzaren 22ko panorama politikoa gainera erabat aldatuta dator. Baditugu alde batetik ilegalizazioak, Bildu koalizioa ere badago. Aramaioko kasua berezia izango da Araba guztian ze EA bere zerrendarekin aurkeztuko da. Aldaketak egongo direla uste dut.



Aldunditik modu diferentean ikusten dira herriaren arazo eta beharrak?
Alderantziz, askoz hobeto ikusten dira. Nik banan-banan Arabako 335 kontzejuak ezagutu ditut diputatu moduan eta lehen eskutik ikusi leku bakoitzeko behar eta harremanak. Horrek ezagutza handiagoa ekarri dit.

Eta konparazioa eginda, nola ikusten duzu Aramaio?
Aramaio geldi ikusten dut nik, erdi hilda. Aramaiori nerbioa falta izan zaio azken urteetan. Antzerako bizilagun kopurua daukaten herrietan bestelako mugimendua ikusi dut nik; gauzak egiteko beste era bat daukate. Kuadrillan bertan Murgia daukagu edota Burgelu bera; Errioxa aldean Guardia, eta herri horietan bestelako indar bat ikusi dut, ahalegin handiagoak egin dituzte.

Nerbio gabezia hori, baina, non ikusten duzu, administrazio mailan, proiektuetan, herrian bertan?
23an udaletxean sartzeko aukera badaukat eta ondo aztertuta, orduan esango dut zehazki non dagoen gakoa, baina igarri, kalean bertan igartzen da hori. Kalean jendeari edota merkatariei galdetuz gero, nabari da Aramaiok ez daukala mugimendurik, ahul dagoela eta gauza asko falta zaizkiola, zerbitzuetatik hasi eta beste makina bat konturaino. Horren aurrean, orain agintean daudenek beste ildo bat aukeratu dute, ez dute horri aurre egitea premiazkotzat jo eta guk, hain zuzen, horri buelta ematea gura dugu. Herri indartsu bat gura dugu arlo guztietan.

Plan Orokorrak oraindik orain onartzeko jarraitzen du Aramaion.
Hori ez dut ondo ikusten. Plan Orokorrak 2007ko azarotik beharko luke onartua. Urte hartako irailean eskatu zen atzerapena eta begiratu ordutik hona zenbat denbora pasatu den. Udaletxean egonez gero, hala ere, aldaketa nabariak egingo nizkioke planari.

Gasaren fakturaren igoera buruhauste izan duzue azkenaldian Aramaion. Zeu Diputatu moduan ere oso gertutik jarraitu duzu gaia. Nola ikusten duzu?
Azterketa teknikoak egin eta gero ez dugu teknikoki inongo ezer ikusi. Oso zaila da gainera. Gu saiatzen gabiltzana da kexak Jaurlaritzako Kontsumo Sailetik bideratzen eta esan beharra dago oraindik ez diotela hitzordurik eman alkateari. Repsolekin guk harremana, orokorrean, ona izan dugu eta eskatutako datu guztiak eman dizkigute. Jaurlaritzak baina, ez dio alkateari kasurik egiten eta hori Arabako 1.500 biztanle inorestea dela iruditzen zait.

Diputatu moduan jardun eta gero, uste duzu harreman instituzionalak errazagoak izango direla zurekin?
Baiezkoan nago. Gainera, lehenik eta behin, Diputazioan gure lana da tokiko entitateekin egotea, Arabakoekin, eta ondorioz, Aramaiokoekin. Guk Arabatik eske etorri zizkigun alkate guztiei eman diegu babesa. Gure lana herritarrekin egotea da, bai Diputazioan eta bai Aramaion.

Aramaio bizi kalitatea eskaintzen duen herri moduan ikusten duzu?
Noski. Lasaitasuna eta inguru ederrak. Oso zaindutako gune baten bizi gara eta hori niretzat oso garrantzitsua da. Bizi kalitate ona dago baina hobea izan daiteke, eta izan behar du, ze azken urteetan atzera egin du.

Alkatetzara itzultzea zeuk hala nahi izan duzulako izan da ala alderdiaren eskariz egin duzu?
Taldearekin batera hartutako erabakia izan da. Nire ideia hasiera baten lasaiago egon eta Aldundian jarraitzea zen baina aztertzen ibili eta gero beste erabaki hau hartu da eta ilusio guztiarekin aurkeztuko naiz. Lan eta konpromiso handia eskatzen duen apustua da, bai.

Buruhauste gehiago izaten ditu alkateak diputatuak baino?
Lan desberdina da nahiz eta bietan kudeaketaz arduratu. Hala ere, nik pertsona eta politikari bezala garrantzia gehien pertsona arteko harremanei eman diet. Aldundi zein Udal mailan, bietan, niretzat hori izan da garrantzitsua, aurpegia eta begiak jartzea. Herritarrek entzunak izatea gura dute, euren arazoak planteatzea eta behin hori eginda ahal duzuna edo ezin duzuna egingo duzu. Eta hori ulertzen dute herritarrek. Hurbiltasuna da herritar batek hitzordua eskatu eta ahalik eta azkarren ematen saiatzea, adibidez. Batzuetan esango diezu zuk ezin duzula hori konpondu edo eragozpenak dauzkazula edo beste iritzi bat, baina jendeari entzun egin behar zaio.



Pertsonala

  • Herriko txoko bat: Izpizteko harria eta inguru hori guztia, Teilamendi… orokorrean mendia eta natura, Urkiolako parke naturalaren inguruak.
  • Herritar bat: Asko daude Aramaion. Neu alkate nintzela dozena erdi bat herritar egin nituen seme kutun. Ez nintzateke, halere, lehenagoko mendeetara joango, gaur egun ere miresteko moduko herritar asko dago.
  • Pertsonaia historikoa: Betidanik deigarria suertatu zait Santikurtz apaizaren bizitza.
  • Telebista saio bat?: oso gutxi ikusten dut telebista, gehien bat albistegiak eta bidaiei eta naturari buruzko erreportajeak gustatzen zaizkit.
  • Sare sozialak erabiltzen dituzu?: Batere. Ez zait niretzat interesgarri iruditzen. Agian adin kontua izango da.
  • Azken liburua: 101. Street geltokia, Iñaki Zabaletarena.
  • Ze egunkari irakurtzen duzu egunero?: betidanik Diario de Noticias de Álava. Aldundian egunero pasatzen digute prentsako txostena eta hori egunero irakurtzen dut. 
  • Interneten asko ibiltzen zara?: Erabiltzen dut batez ere lanerako informaziorako edota oporrak prestatzeko.
  • Abesti bat: Loretxoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak