Maiatzaren 3an aterako da espetxetik Jon Agirre. Pozik?
Gu pozik gaude, azkenean, Jon kalean egongo delako. Baina, behin hori esanda, Jonekin eta beste presoekin egindakoa salatu nahi dugu. Jonek orain dela zazpi urte bete zuen bere zigorra eta kalean egon beharko luke. Horretaz gain, espetxe araudiak esaten duena jarraituz, kanpoan egon beharko luke, osasun arazo larriak dituelako aspalditik.
30 urte egin ditu kartzelan. Urte gehien eman dituen presoa da?
Ez, Jose Maria Sagardui Gatza da denbora luzeen daramana, eta hau ere astean atera da kalera 31 urte bete ondoren.
Espainiako eta hemengo kartzela askotatik pasatu da 30 urteotan.
Carabanchel, Puerto de Santa Maria, Herrera de la Mancha, Alcala de Henares, Ocaña, Sevilla, Tenerife, Valdemoro eta Huelvan egon da Espainian, erabaki politiko horrek senideei ekarri dien guztiarekin. Gaixotasunen ondorioz Langraitzera ekarri zuten eta gero Basaurira; bertan dago.
Hainbat osasun arazo izan ditu eta ospitalean ere sarri egon da. Ze arazo izan ditu?
Hipertentsio arteriala, hiperkolesterolemia eta bigarren motako diabetes mellitusa du 1998a ezkero. L4-L5 ornoen foramena txikitua zuen eta honek nerbioa konprimitzen zion, eta mina hanketaraino jaitsi. Artikulazio sakroiliakoa ankilosatua du eta mokorrean, bizkarrezurrean eta belaunetan, artrosia. Hainbat ebakuntza egin dizkiote azken urteotan, eta koadro kliniko honekin kalean egon beharko luke aspaldi.
Une honetan, ze egoeratan dago?
Gaixotasun horiek ez dira desagertzen. Zaintza handia eskatzen dute eta espetxean ezin da ziurtatu zaintza hori. Eta adina beste faktore bat da.
Zenbat urte ditu Jonek?
Martxoan 69 egin ditu.
Berez, 2006ko urriaren 28an laga behar zuen kartzela.
2000n bete zituen zigorraren hiru laurdenak eta aske gelditzeko eskubidea zuen legea zintzo aplikatuta. Gero, Parot doktrina aplikatu zioten euskal preso politikoen kolektiboari, eta, horren arabera, erredentzioak espetxe zigor osoari aplikatzen zaizkionez, presoak 30 edo 40 urte bete behar ditu bere osotasunean, zigorra hori baino handiago baldin bada.
Parot dotrina aplikatu eta beste bost urtez luzatu zioten zigorra. Zer deritzozue?
Ez dugu kalkulatu zehatz, baina, gure ustez, erredentzioak aplikatuz, bost urte baino gehiago luzatu diote. Espainiako Estatuan botere legegilea, exekutiboa eta judiziala inoiz ez direla egon bereizirik eta gobernuaren interesen arabera erabili dituztela pentsatzen dugu. Horren guztiaren atzean biziarteko zigorraren aplikazio garbia dago, preso politikoak xantaiarako txanpon moduan erabil ditzaten estatuek.
Jon Agirre 1981eko maiatzaren 11n atxilotu zuten. Zer leporatu zioten epaiketan?
ETAko talde bateko partaide izatea eta hainbat ekintza egin izana. Dena dela, Jon hamar egun inkomunikatua egon zen eta torturatua izan zela salatu zuen. Beraz, torturapean egindako deklarazioetan oinarritutako epaiketa bat izan zenez, zein zilegitasun du epai horrek? Hala ere, euren legeen arabera, aspaldi behar luke kalean.
Espetxetik irteten dela-eta, ekimenen bat antolatu duzue?
Hori ez da gure eginbeharra. Hala ere, Jonen askatasuna espetxean beste inor hainbeste denbora ezin dela egon aldarrikatzeko erabiliko dugu. Bide horretan, Arrasate eta Aramaioko eragileekin manifestazio baten antolakuntza lanetan gabiltza maiatzaren 7rako. Bizi osoko zigorraren doktrina desaktibatzea lortu behar dugu guztion artean.
Azken urteotan plataformakook hainbat ekimen antolatu dituzue Jon Agirreren egoera salatzeko. Pozik jasotako babesagatik?
Bai, herritarren parte-hartzea oso handia izan da; garbi zuten Jonek kalean egon beharko lukeela eta babes eta elkartasun handia jaso du. Bide honetan, herritarrak gonbidatu nahi ditugu, Jon etxeratu arren, gainontzeko preso politikoen eskubideen alde eta bereziki zigorra beteta duten presoen etxeratzea eskatzeko antola daitezen. Arrasateko presoen artean, Gaztañaga dago egoera horretan eta Garratz eta Gautxori-k 25 urtetik gora daramatzate espetxean, zigorraren 3/4ak aspaldi beteta.
Halako osasun arazoak izanda, zela uler daiteke aske ez lagatzea?
Sakabanaketa, jipoiak, urruntzea… taktika ugari erabili dituzte espetxeetan euskal preso politikoa txikitzeko asmoz eta damutzea bilatuz. Ez dutenez lortu, azkenean, mendeku huts bilakatzen da, eta, gaixorik egon arren, azken muturreraino eramaten dute guztia. Ezin dugu onartu gaixorik daudenak espetxean mantentzea.
Eta kartzela zigorra luzatzea?
Lehen esan bezala, mendeku ikuspuntutik besterik ezin da ulertu. Nahiz eta gero giza eskubideen defendatzaile sutsu direla esan, gaur egun Euskal Herrian dagoen indarkeria handienetakoa, handiena ez bada, espetxe politika hori indarrean mantentzea da.
Ezker abertzaleak ziklo politiko berri baten aldeko apustua egin du, politikaren alde…; ETAk su-etena aldarrikatu du… Distentsio egoera honetan Espainiako Gobernuak erakutsitako jarreraren gainean zer diozue?
Distentsio garai hauetan presoek urrun jarraitzen dute, eta senideen istripu arriskua biderkatu. Bizi osoko zigorraren doktrina aplikatuta, isolatuta eta sakabanatuta daude presoak. Neurriok inoiz ez dira legezko izan, baina egoera politiko honetan gutxiago. Beraz, gizarteak, herriak, behartu behar ditu gobernuak espetxe politika konponbide parametroetan kokatzen.
Ze eskatzen diozue Espainiako Gobernuari?
Euskal Preso politikoak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea eta bizi osoko zigorraren doktrina bertan behera uztea. Horrekin batera, hiru laurdenak bete dituztenak eta gaixo daudenak kaleratzea, bizi baldintzak hobetzea, inkomunikazioa eta isolamendu alboratzea. Lehen urratsak behar luke espetxe politika konponbidearen norabidean jartzea. Ondoren, normalizazio prozesu batean aurrera egin ahala, preso guztiak kaleratzen joan beharko lukete.
Eta jendarteari?
Esango genioke gaur egun indarrean dagoen indarkeria bakarra gobernutik datorrela; beraz, presioa egin behar dugula indarkeria horiek erabat desaktibatuak gera daitezen. Eta hori antolakuntzaren eta mobilizazioren bakarrik bidez lor daiteke. Datozen egunotan herriz herri bilguneak antolatuko ditugu norabide horretan denok batera bultzatzeko. Beraz, sentsibilizatuta dagoen herritar orori bilgune hauetan parte hartzeko gonbita egin nahi diogu. Bide horretan, maiatzaren 7ko manifestazioan parte hartzea garrantzitsua dela uste dugu.