Xabier Uribarren: "Eguneko Zentroa ireki ostean, gure hurrengo helburua da zaharren egoitza lortzea"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko apirilaren 21a

Aramaioar peto-petoa dugu Xabier Uribarren (Aramaioko Etxaguen auzoa, 1940). "Beti bizi izan naiz Aramaion", dio. Alaiak elkarteko zuzendaritza taldearen hileroko batzarrean harrapatu genuen; gustu handiz erantzun zituen gure galderak.

Nolakoa izan da erretiratu elkarteko presidente lana?
Zortzi urtez izan naiz Alaiak elkarteko presidente. Lau urte egin ostean, bazkideek berriro aukeratu ninduten, baina zortzi urte egin ostean bada garaia kargua beste bati uzteko. Ondo dago jende berriari eta ni baino gazteagoa denari aukera ematea; bai, horixe! Irailean utziko dut kargua, eta badugu hautagai posible bat; hala ere, 202 bazkideon artean erabakiko dugu zein izango den presidente berria.
Argitu behar da elkartearen egoitzan, erretiratuez gain, pentsionistak –aurre-erretiroa eskatu dutenak– eta alargunak ere badaudela. Ni horien guztien presidente izan naiz orain arte.

Zeintzuk izan dira Alaiak elkartearen lorpen nagusiak?
Hasteko, elkartearen beraren funtzionamendua kudeatzea eta hobetzea bada lorpen bat. Izan ere, egoitza bizi-bizi dago eta elkarte baten moduan funtzionatzen du. Goiz zein arratsalde, egunero etortzen den jendea dago, karta jokoan edo bestelako planen bat egiteko. Horrez gain, urtean zehar ekitaldi ezberdinak antolatzen ditugu. Martxo amaiera eta apiril hasiera artean, esaterako, Extremadura aldera egin genuen bidaia. Eta noski, bestelako ekintzak ere antolatzen ditugu: denetariko karta txapelketak, adibidez. Bestalde, Udalarekin ere kolaboratzen dugu. Hau da, talderen bat etortzen bada luncha edo dena delakoa prestatzeko lana ere hartzen dugu.
Hala ere, azken lau urteotako helburu nagusia izan da eguneko zentroa irekitzea. Hasieran ezer gutxi egin genezakeela uste genuen, halakoak gure esku ez zeudelakoan. Baina Diputazioarekin bilera bat egin genuen eta helburu hori lortzeko lan egiteko aukera eman ziguten. Horregatik asko borrokatu gara; lehen egunetan esaten ziguten ez zela jenderik egongo, baina erakutsi dugu Aramaiok bazuela eguneko zentro bat izateko behar hori. Udalak jarri zuen lokala eta egun martxan da, sei lagunekin.

Nola ikusten duzu Aramaio erretiratu batendako?
Arrasate gertu daukagu, zortzi kilometro eskasera. Egun distantzia hori erraz gainditzeko modukoa da. Hala, Arrasaten zerbitzu guztiak asetzeko moduko eskaintza dugu. Hemendik asko joaten dira, esaterako, gimnasia, yoga edo pilates egitera.
Erretiratuendako Aramaio nahiko ondo dago gertatuta. Edozelan ere, datozen hamar urteetarako plan orokorraren barruan zaharren egoitza bat eskatu diogu Udalari. Are gehiago, eguneko zentroaren inaugurazioan Gizarte Zerbitzuetako diputatuak adierazi zuen hurrengo pausua egoitza izango zela. Hori asko gustatu zitzaidan. Beraz, gure hurrengo eginkizuna hori da, egoitza lortzea, hain zuzen.

Aramaiok ba al du beharrik zaharren egoitza bat izateko?
LKS enpresak ikerketa bat egin zuen eta bertan Aramaiok oso puntuazio handia lortu zuen. Lekua dela, distantzia dela... Horrek esan gura du beharra egon badagoela. Adibidez, Aretxabaletakoaren estilokoa nahiko genuke, txikiagoa akaso, baina estilo horretakoa. Aurreikusita badago, hau da, plan orokorrean badu bere lekua. Gure lana orain, hori jarraitzea eta bultzatzea izango da.

Zein da zure eguneroko lana?
Elkartetik egunero pasatzen saiatzen naiz baina esandako moduan, zuzendaritza taldeko kide barik ezingo nuke guztia ondo eraman. Sei lagun gara taldean, hiru gizon eta hiru emakume. Bakoitzak bere betebeharra dauka: biltegiko arduraduna, diruzainak, idazkariak... Hilean batzar bat egiten dugu elkartearen gaineko gorabeherak eguneratuta eramateko. Gaur [eguaztena] egin dugu apirileko batzarra.
Azken finean, presidente lana ez da berezia, talde on batekin oso eramangarria da. Eta talde ona baino hobea daukat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak