Ekintzez lepo dator aste bukaera, Korrikaren etorrera girotzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko apirilaren 7a

Aramaiora apirilaren 14an helduko da Korrika, eta atzerapenik ezean, 12:25ean helduko da Ibarra auzora. Asteon lortu dute Aramaioko kilometroak saltzea. Herriko talde, eragile, alderdi politiko, elkarte gastronomiko, denda eta tabernak lagundu dute zeregin horretan eta Korrika batzordeak bereziki eskertu gura izan du horien guztien ekarpena. Eta noski, hilaren 14an parte hartzeko deia egin die: "Korrikalariak behar ditugu!", adierazi dute.

Korrika Kulturaleko ekitaldiak egubakoitzean eta zapatuan izango dira. Egubakoitzean, Gasteizko Malatu taldeak –atzo Arrasaten izan ziren, gaztetxean– joko du Iturrieta sagardotegian (22:30). Jazz doinuak ekarriko dituzte batez ere, euskaraz. Hala ere, zapatukoa izango da egun handia: 18:30ean Papargorri eta Bixente Goikoetxea abesbatzen saioa izango da Sastiñan, eta 19:00ean, Lagunartea dantza taldeak herritarrak dantzan jarriko ditu. 20:00etan gorantz egingo dute, txistularien laguntzaz. Goian, Kultur etxearen inguruan, Esaera zaharren bertso poteoa bataiatu duten saioa egingo dute herriko bertsolariek. Azkenik, 21:00etan Ustekabe fanfarrea egongo da plazan. 19:00etatik aurrera basurde pintxoak eta ardoa egongo dira plazan eta patata tortila pintxoak eta sagardoa goialdean. Pintxoa eta tragoa euro baten jarriko dute salgai. Arropa postua egongo da bihar arratsaldean eta baita Korrikaren laguntzaile egiteko aukera ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak