Manex Agirre: "Finalera datorren jendea saio ona entzun duen sentsazioarekin utzi gura dut"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko martxoaren 29a

Zapatuan jokatuko den Arabako bertsolari txapelketako finalean Aramaioko ordezkari bakarra izango da Manex Agirre (Aramaio, 1982). Eskarmentu handia du, 2002tik urtero –iaz ez zen egin– hartu du parte: "Beteranoetakoa naiz dagoeneko, eta horrek beldurra ematen dit", dio. Gasteizko Printzipal aretoan izango da finala, 17:30ean. Sarrerak Gasteizko Amaia zentroan eta bertsosarrerak.eu webgunean eros daitezke.

Nola joan da orain arte txapelketa?
Plano pertsonalean ezin izan da hobeto joan. Bi saio izan ditut finalera sailkatu aurretik, lehen kanporaketa Ataurin eta finalaurrekoa Zigoitian. Bietan lehen postuan geratu naiz, eta beraz, nire ikuspegitik ezin dut gehiago eskatu. Horrek, baina, ez du esan nahi finalera begira lasai nagoenik.

Aldaketak izan dira nagusi aurten.
Bai, aurten txapelketak salto kualitatiboa eman du 2009koaren ondoan. Hiru kanporaketa izatetik bost izatera pasa da eta bi finalaurrekoetatik hirura. Horrek bertsolari gehiago izan direla esan gura du, eta poztekoa da. Entzuleek eskertu dutela esango nuke, iaz deskantsua eman zitzaion txapelketari eta jendeak gogo gehiagorekin hartu du. Bertsolariok ere gogotsuago joan gara.

Finalera begira, zein inpresio?
Finaletarako ez dago sekula ezer ziurrik, hori lege naturala da. Orain arte nahiko lasai ikusi dut nire burua eta seguru sentitu naiz, baina finalean, Oihane Perea, Asier Otamendi, Zigor Enbeita eta konpainia izango dira. Goitik beherako bertsolariak dira, eskarmentu handikoak; finalak itxura polita du. 
Gainera, aurpegi berri bat ere izango da, Ander Solozabal; beste freskotasun bat emango dio.

Eta inpresioez haratago, zein da zure helburua?
Jende asko joango dela espero dugu. Nire helburua da jende hori guztia saio on bat ikusi denaren sentsazioekin joatea. Eta gero, noski, sailkapenean ahalik eta gorenen geratzea gura dut. 

Ez dira sailkatu, baina nola ikusi duzu beste aramaioarren lana?
Iker Agirre kanporaketetan geratu zen. Pena izan zen, 2009koarekin konparatuz, hobeto eta gogotsuago ikusi nuen-eta. Andere Arriolabengoa finalaurrekoetara sailkatu zen baina, beste arrazoi batzuk medio, ezin izan zuen parte hartu. Horrek pena handia ematen dit. Eta azkenik, Xabier Igoaren kasuak ere arantzatxoa utzi du. Izan ere, finalerako atea mutur aurrean itxi zitzaion; Ander Solozabalekin puntuetan berdinduta geratu zen. Solozabalek bakarkako lanean puntu gehiago zituelako geratu zen kanpoan. Lastima.
Arantzatxoa geratu zaigu bertso eskolakooi, baina atarian geratu izana ere seinale ona da. Datozen txapelketetan ez da halakorik gertatuko.

Nola dago, osasunez, Arabako bertsolaritza?
Ondo. Ez da txapelketa bakarrik, bertso eskolak urte osoan egiten du lan. Baina datu interesgarria da txapelketan inoiz baino gazte gehiago egon dela lehen aldiz parte hartu duena. Txapelketa erreferentzia bihurtu da gazteendako eta hori oso garrantzitsua da; ondo ari gara lanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak