Jose Ramon Uribe: "Politika orokorren kontuez nahiko urrun geunden garai hartan, guk Aramaioko kontuei begiratzen genien"

Sergio Azkarate Beitia 2011ko martxoaren 30a

Lan zaila izan zela dio, eta hobeto egin zitekeela, baina oroitzapen onak utzi dizkio Jose Ramon Uriberi (Arrasate, 1954) Aramaioko alkate izateak. Harekin hamaika kontuz egin dugu berba.

Nola heldu zinen alkate izatera?
Aurrez zinegotzi moduan egon nintzen lau urtez. Alkateak ez zuen hurrengo agintaldian jarraitu nahi eta ni sartu nintzen alkatetzara, 1991n. Hauteskundeen ostean honela geratu zen Udal Gobernua: EAko lau ordezkari, EAJko hiru eta HBko bi. Bederatzi ordezkari guztira.

Nolakoak ziren zuen arteko harremanak?
Arlo pertsonalean onak izan ziren beti. Politikoki, beti gertatzen den moduan, nork bere aldera egiten zuen erabakiak hartzeko orduan, baina ezberdintasunak, oro har, ez ziren oso handiak. Hasteko, guztiok abertzaleak ginen. Sail edo batzordeak botoen arabera banatu ziren, eta funtzionamendua, oro har, ona izan zen. 
Udal langileekin ere oso ondo konpontzen ginen; noizean behin bazkari edo afariak egiten genituen guztiok batera, baina, gutxika, galtzen joan zen. Orain ez dut uste halakorik egiten denik.

Zer gertatu zen Ikurrinarekin?
Garai hartan EA eta HBren artean akordio bat egon zen Ikurrina udaletxe guztietan jartzeko, askatasunaren alde egiteko helburuarekin. Aramaion aurrera egin zuen mozioak EAren eta HBren aldeko botoekin; EAJk aurka bozkatu zuen. 1991ko irailaren 11 zen eta orduan Eusko Jaurlaritzan apurketa izan zen EAJ eta EAren artean. Hala, EA kanpoan geratu zen eta euren ordez PSOE sartu zen.
Aramaio mailan ez zuen eragin zuzenik izan: EAtik, behintzat, politika orokorretik urrun geunden; hau da, guk Aramaioko kontuei begiratzen genien.

Plan Orokorra onartu zenuten zuen garaian, ezta?
Gure agintaldian Plan Orokor berria egitea egokitu zitzaigun. 1994an onartu zen; hau da, amaiera aldera. Lan gogorra eta luzea izan zen, hamaika buruhauste sortu zizkigun. Babes ofizialeko etxebizitzak egitea orduan onartu zen lehen aldiz, esaterako.
Hasiera baten, hamar urterako zen, baina, pentsa, ia 20 urte pasa dira eta Plan Orokor berriarekin dabiltza oraindik.

Ibarra auzoko urbanizazioan ere aurrera egin zen zure agintaldian.
Hiru fasetan egin zen. Bigarren fasearen bukaera eta hirugarrenaren hasiera egokitu zitzaigun guri. Azken fase hartan, parketik plazarainoko konponketak egin ziren. Ez da ahaztu behar Aramaioko biztanle gehienak kalean, Ibarra auzoan, bizi direla, eta, beraz, oso garrantzitsua zen aurretik zetorren proiektu hori amaitzea.

Zer egin zen eskola aldean?
Eskola handitu egin zen eta parkean umeendako gunea egokitu genuen. Ordukoa da txirrista, esaterako. Hemen inguruan egongo den luzeena izango da. Skatezaleak ziren gaztetxoendako gunea ere egokitu genuen, baina gerora kendu egin zen. Izan ere, eroriko asko izaten ziren eta arazo askotxo izan genituen aseguruekin.   

Ur-sistema bateratzea izan zen proiektu nagusietako bat, ezta?
Lan berezia izan zen, hemengo urak auzo ezberdinetan erabat sakabanatuta zeudelako. Auzo batzuetara joan behar izan genuen, auzotarrekin akordioa egiteko. Etxez etxeko lana izan zen, baina lortu genuen zenbait auzotako urak Udalaren kontrolpean izatea. Gero, beste auzo batzuetara zabaldu zen.

Beste proiektu aipagarririk?
Azkoagako plaza egokitu zen, eta horrekin erakutsi genuen diru guztia ez zela kalera bideratzen. Baserri ezberdinetarako bideak ere egokitu ziren, Diputazioari esker. Aldundiarekin konforme geratu ginen, nahiz eta gauza batzuk ez lortu. Hori bai, eskatu eta eskatu aritu ginen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak