Nortzuk osatzen duzue Aramaioko Korrika batzordea?
Deialdi zabala egin zen AEKaren partetik: Udaleko ordezkari bat, Txirritola euskara elkartea, gurasoen elkartea, pilota taldea eta Gazte Asanblada daude ordezkatuta, besteak beste. Eta gero ni partikular moduan, izan ere, aurtengo txotx denboraldiaren hasierako gonbidatua Korrika izan da.
Martitzenero elkartzen gara Kultur etxean eta ideia da Korrika Aramaiotik pasa behar denerako guztia gertu izatea, baina aurrez ere herria girotzen joatea. Izan ere, Korrika ez da pasatzen den pare bat minutuko kontua, oso garrantzitsua da aurrez girotzeko lana egitea.
Eta batzordeko kide izanda sagardotegian bertan zerbait antolatzea erabaki zenuen, ezta?
Hala da. Uda alderako kontzertu bat antolatzekotan nenbilen eta Korrika datorrela eta sagardotegira etorriko den Gasteizko Malatu taldekoak lagun ditudala aprobetxatuz, kontzertua aurreratzea erabaki nuen. Apirilaren 8an izango da, 22:30ak aldera, afariak eman ostean.
Zergatik sartu zinen batzordean?
Aramaioko batzordean lehenengo aldia da sartzen naizela baina aurretik ere Gasteizen egin izan dut lan Korrikaren alde. Nire bizitza oso lotuta egon da betidanik euskararekin eta bereziki AEKarekin. Korrika oso gertutik bizi dut, beharrezkoa den ekimen garrantzitsua da. Ezberdina da, gainera. Beti errepikatzen dut: kanpo harremanetarako lanean aritu izan naiz eta atzerritarrek harrituta geratzen ziren Korrikarekin. Hizkuntz egoera antzekoa bizi duten herrialdeetatik etorri izan direnean, espektakulu edo esperientzia mundiala iruditu zaie. Eta gu harro egon gaitezke halako ekimen aitzindari bat gauzatu izanaz, munduan ez dago-eta halako beste adibiderik.
Horrez gain, konturatu behar gara Korrika moduko ekimen bat aurrera ateratzea asko kostatzen dela, askotan ahaztu egiten dugu-eta.
Aramaiotik bederatzi kilometro egingo ditu Korrikak.
Bai. Apirilaren 14an etorriko da Arrasatetik, 12:00ak aldera. Ibarratik pasako da Azkoaga eta Untzillarako noranzkoan, Aretxabaletarantz. Kilometro guztiak saldu ditugu dagoeneko –bakoitza 400 eurotan saldu dira–, Udalaren eta kultur taldeen artean, bereziki.
Apirilaren 9rako jai berezia antolatu duzue. Zein da helburua?
Saiatu gara egitarau erakargarria eta parte-hartzailea prestatzen, eguraldiak uzten badigu, kalean ospatzeko egun bat. Helburua da Korrika heldu aurretik herritarrak girotzea eta parte hartzera bultzatzea.
Korrika Kulturala: musika, dantza eta bertsoa nagusi, jatekoaz eta edatekoaz
Korrika Kulturalaren ekitaldiak apirilaren 8an eta 9an egingo dira Aramaion. Apirilaren 8an eta Juanjo Bezinaren eskutik, Iturrieta sagardotegian Malatu taldeak joko du, 22:30ean hasita. Musika lasaia da, afalosterako ezin aproposagoa. Jai nagusia, baina, hilaren 9an izango da Ibarra auzoan. Bi gune egokituko dituzte: bata Herriko plazan, eta bestea goiko taberna eta Kultur etxearen inguruan. Hasteko, Sastiñan, 18:30ean hasita, Bizente Goikoetxea eta Papargorri abesbatzen saioa egongo da. Gero, plazan, 19:00etatik aurrera, dantza eta musika izango dira nagusi.
Jatekorik eta edatekorik ez da faltako: Oilogor ehiza eta arrantza taldearen eskutik basurde pintxoak dastatzeko aukera egongo da eta ardoa ez da faltako. 20:00ak aldera txistularien konpainiaz plazatik kalejiran gorantz egingo dute, goiko tabernetarantz. Bertsolariak izango dira bertan eta antolatzaileek aurreratu dute guztiak herrikoak izango direla. Azkenik, Korrika pasako den ibilbidea ondo apainduko dute hilaren 9an.