Murugaineko Burdin Aroko herrixkan indusketak egingo dituzte uztailean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko martxoaren 23a

Aramaioko Udalak Murugainen arkeologia jarduerak egiteko proiektua aurkeztu du. Arabako arkeologia institutua eta Ondare Babesa arkeologia enpresak jardungo dute lanok egiten. Proiektuaren aurkezpenean Asier Agirre alkateaz gain, Etor Telleria Ondare Babesako kidea; Armando Llanos Arabako arkeologia institutuko kidea; Garazi Heriz AOBT elkarteko kidea; eta, Balentin Ibabe gerra zibila bizi izan zuen herritarra izan ziren.

Burdin Aroko herrixka

Jakin badakite Murugainen Burdin Aroko herrixka baten aztarnak daudela. Gainera, herrixka hartako harresiak aprobetxatu zituzten gerra zibilean trintxerak egiteko. Hala, indusketek helburu bikoitza izango dute.

Uztailean hasiko dituzte lanok

Indusketen lehenengo fasea uztailean hasiko dute. Arkeologo profesionalek parte hartuko dute, baina gaineratu dute herritarrei zabalik egongo den proiektua izango dela; hala, auzolanean jarduteko aukera egon daiteke, adibidez. Indusketetan lortzen duten emaitzekin panel informatiboak jarriko dituzte, eta baita ibilbide markatu bat ere.

45.000 euroko aurrekontua

Indusketek 45.000 euroko aurrekontua izango dute. 30.000 euro Arabako arkeologia institutuak jarriko ditu, beste 4000 euro Aramaioko AOBT elkarteak jarriko ditu. Gainerako dirua Aramaioko udalak eskuratuko du. Horren harira, Agirre alkateak adierazi du Arrasateko eta Aretxabaletako udalei ere proiektuaren parte izateko eskatu diela.

Gerra zibila bizi izan zutenen ahotsa

Aramaioko Udalak gura izan du, gainera, proiektu honen bitartez gerra zibila bizi izan zuten herritarrei ahotsa ematea. Hala, proiektuaren aurkezpenean Balentin Ibabe herritarra izan zen. 18 eta 44 urte bitarteko mutilak ibili zirela trintxerak egiten azaldu zuen Ibabek. "Palarekin eta aitzurrarekin egiten genituen lanak".

Murugain ezagutu eta babestu

Indusketekin Murugainen dauden aztarnak ezagutzeaz gain, Murugain bera babestuko dutela uste du alkateak. Proiektu honen bitartez orain dela ia 3000 urte nola bizi ziren ezagutzeko aukera egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak