Korrikaren aldeko jaia egingo da apirilaren 9an Aramaion

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko martxoaren 23a

Korrika badator. Aramaiotik bederatzi kilometro egingo ditu Korrikaren 17. edizioak. Aramaioko Korrika batzordea badabil Aramaioko tartea antolatzen –martitzenero biltzen dira, 18:00etan, Kultur etxean– eta Korrika Kulturala lotu dute apirilaren 8 eta 9rako. Jai nagusia hilaren 9an izango da; bi gune egokituko dituzte. Bata Herriko plazan, eta bestea, goiko taberna eta Kultur etxearenn inguruan. Hasierako asmoa zen jaia kilometroak erosteko dirua lortzeko bideratzea, baina azkenean herria girotzea izango du helburu.

Esandako moduan, bi gune egokituko dituzte. Hasteko, Sastiñan eta 18:30ean hasita, Bizente Goikoetxea eta Papargorri abesbatzen saioa egongo da. Eta gero, Herriko plazan, 19:00etatik aurrera, dantza eta musika izango dira nagusi. Jatekorik eta edatekorik ez da faltako: Oilogor ehiza eta arrantza taldearen eskutik basurde pintxoak dastatzeko aukera egongo da; ardo onarekin nahasteko jaki ezin hobea.

Bestalde, goiko tabernen eta Kultur etxearen inguruan bertsolariak egongo dira, 20:00ak aldera txistularien konpainiaz plazatik etorriko den kalejiraren ostean. Antolatzaileek ezin izan dute aurreratu zeintzuk izango diren bertsolariak, baina guztiak Aramaiokoak izango direla ziurtatu dute. Izan ere, harrobia badago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak