Udalak ez du eskumenik herritarren fakturekiko, baina hemendik aurrerako bidea herritarrekin eta beste udal batzuekin batera egitea gura dute. Datorren asterako erabakiko du Udalak, Arabako beste alkate batzuekin bildu ostean, Repsolen aurka bide zibila edo penala hartu. Eta herritarrei gomendatu diete erabaki hori aintzat hartzea euren erreklamazioa ere bide beretik eramateko. Hori bai, Asier Agirre alkatearen arabera, hauteskunde kanpaina hasi aurretik hartu behar dira erabakiak; "bestela dena ezerezean geratuko da", dio. Esandako moduan,herritarren fakturekiko Udalak eskumenik ez duela argi utzi gura izan zuen Asier Agirre alkateak. San Martin eskolako faktura adibide moduan hartuta –eskolako kontsumoa finkoa da, baina iazkoaren konparatuz bikoiztu egin da faktura–, hainbat argibide eman zizkien Agirrek herritarrei eta, besteak beste, indarrak bateratzeko sentsibilitate ezberdineko Arabako beste zenbait alkaterekin bildu dela iragarri zuen. Tartean, Labastidako alkate Iñaki Gil Oriberekin (PPkoa). Batzorde bat osatu dute eta asmoa da sentsibilitate ezberdineko alkateek Repsolen aurka batera egitea.
Erreklamazio eredu bat aurki webgunean
Atzoko bileran hainbat herritarrek esplikaezinak diren kasuak azaldu zituzten: etxean bizi ez eta 105 euroko faktura jaso duenarena, esaterako. Kasu horretan, gainera, gas-kontagailuan eta faktura agertzen zen kontsumoa bera zen. Repsolek egin duen igoera "lapurreta" dela uste dute askok. Baina, zer egin? Herritar batek honela zioen: "Epaitegietara joatea oso garrantzitsua da, halakoetan enpresaren izena desitxuratzen da eta asko galdu dezakete. Geroago eta oihartzun mediatiko handiagoa eragin, hobe".
Hala, alkateak iragarri zuen laster jarriko dutela Udaleko webgunean erreklamazio eredu bat. Proposamena honakoa da, beraz: erreklamazioa osatu eta Udalera entregatzea, Udalak gero guztiak batera bidali ditzan. Herritarrak hurrengo fakturaren beldur dira.