Gasaren fakturan izandako igoera dela-eta, bilera informatiboa egingo dute gaur

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko martxoaren 17a

Udalak herritarrendako bilera informatiboa deitu du gaurko, martxoak 17. Repsolen azken gas fakturetan izandako igoeraren gainean egingo du berba Asier Agirre alkateak, eta besteak beste, Aramaioko Udal defendatzen duen biomasa sistemaren gainean jardungo du. Udaleko pleno aretoan izango da gaur, 19:00etan.

Eusko Jaurlaritzak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, azken hilabeteetan Repsolek Araban emandako gas propanoaren hornidura-zerbitzua egokia izan da, eta indarreko legeriak eskatutako betekizun guztiak bete ditu. Joan den otsailaren 24an, Industria Sailak Araban duen ordezkaritzak enpresaren bezeroen lehen kexa jaso zuen, eta harrezkero egindako txosten teknikoen ondorioek ez dute zalantzarako aukerarik ematen: gasaren kalitatea ona da.

Igoeraren "benetako arrazoiak", Jaurlaritzaren arabera

Gainera, Jaurlaritzaren arabera gas fakturen igoera ondoko arrazoiengatiuk eman da: batetik, azken urtean tarifek gora egin dutelako. Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak prezioan ezarritako igoera % 30 izan da, gutxi gorabehera. Bestetik, 2011n kobratzen den BEZa (% 18), 2010ean kobratzen zena (% 16) baino handiagoa da. Eta, azkenik, faktura bezeroak hilabete bakoitzean egindako kontsumoaren araberakoa da. Azken arrazoi horrekin aramaioarrak zalantzak dituzte, atzean uztear dugun negua ez da-eta bereziki gogorra izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak