Arabako txapeldun trinketean, eta partidu guztiak irabazita.
Bai, Legutioko Ibai Fernandez de Larrinoarekin osatu dut bikotea, eta egia esan nahiko ondo ibili gara, txapelketan jokatu ditugun zortzi partiduak irabazi egin ditugu-eta. Ezker horman ere Ibairekin jokatzen dut, baina han aurrelari moduan ibiltzen naiz, eta Ibai atzelari. Eta, trinketean posizioz aldatzen dugu, atzean jokatzen dut.
Legutioko klubarekin jokatzen duzu; pena, Aramaion entrenatzeko edo jokatzeko lagunik ez izatea.
Gazteago nintzenean herrian hainbat gazte ibiltzen ginen pilotan, baina ondoren jendea futbolean, eta beste kirol batzuetan hasi zen. Hala, orain dela lau urte erabaki nuen Legutiorekin jokatzea, eta entrenatu ere han entrenatzen naiz.
Gazte mailako txapelketa irabazita, Arabako selekzioaren deia jaso duzu.
Bai, eguenean bertan egin genuen aurkezpena, eta orain GRAVNI txapelketa jokatuko dut Araba ordezkatzen. Euskal Herriko lurraldeek eta Errioxak hartzen dute esku txapelketa horretan, eta ea zer moduzko lana egiten dugun.
Ez da Arabako txapelketa irabazten duzun lehen aldia.
Ez, orain dela bi urte kadete mailan ere lortu nuen trinketeko txapeldun izatea, baina iaz min hartu nuen sorbaldan, eta ezin izan nuen txapelketa jokatu. Datorren urtean, berriz, zailagoa izango da txapela janztea, nagusiekin jokatuko dugu-eta.
Trinketea, aitak animatuta?
Gaztetan hark ere jokatu zuen trinketean, eta bai, kirol hori probatzeko esan zidan, eta gustua hartu diot. Dena dela, Araban ohitura dugu ezker hormako txapelketak amaitzen direnean trinketean hasteko. Egia esan, hobeto moldatzen naiz trinketean.
Esku pilotako ze modalitatetan moldatzen zara hobeto?
Trinketean.
Zer du modalitate horrek?
Indarra ez da horren garrantzitsua, pilota astintzera joanez gero errebotetik bueltan etorriko delako. Garrantzia handia du azkartasunak, ondo kokatzen jakiteak, pilotalekua ezagutzeak...
Pilotaleku batetik bestera alde handia egongo da.
Bai, ezker hormako pilotalekuetan egoten dena baino alde handiagoa egoten da. Gasteizen ireki duten trinkete berrian, esaterako, eskuin horma kristalezkoa da. Ezker horman egoten den teilape edo koska, berriz, batzuetan harrizkoa izaten da, egurrezkoak ere badaude...
Iparraldetik datorren modalitatea da trinketea. Zer dela-eta horrenbeste koska pilotaleku berean?
[Barre] Bada, ez daukat idearik ere ez. Baina, badut gogoa Iparraldeko jokalarien kontra jokatzeko. Han urte osoa ematen dute trinketean jokatzen, eta imajinatzen dut hori igarri egingo dela. Ea Arabako selekzioan egonda horretarako aukera ematen diguten.