Oletako kontzejuak bizi duen gatazka luzeari konponbidea ematen hasteko martxan jarri dira Aramaio eta Otxandioko Udalak. Bi herrien arteko lurretan dago Oleta –limitauan, hain zuzen–, eta Otxandioko herriko plaza kilometro erdira duten bitartean, Aramaioko Ibarra auzoa 18 bat kilometrora geratzen zaie. Beraz, oletarrek bizimodua Otxandion egiten dute. Udal zerbitzuak ordaintzerakoan kanpotarrak balira bezala hartzen dituzte, zerbitzu horiengatik estra bat ordaintzera behartuz.
Bi Udalak elkarlanean
Hala, elkarlanean aritzeko hitzarmena sinatu dute asteon bi Udalek, Oletako kontzejuaren oniritziarekin. Aritz Otxandiano Otxandioko alkatearen arabera hitzarmena "lehen pauso" bat da: "Gatazka historikoa bi Udalen arteko elkarlanerako motibo bihurtu behar dugu, aro berri bat hasteko". Lehen hitzarmen horrek, finean, aramaioarrek eta otxandiarrek bi herrietan udal zerbitzuak baldintza berdinetan jaso ahal izatea ahalbidetzen du: eskola, ludoteka eta igerileku zerbitzuak, esaterako. Hala azaldu du Asier Agirre Aramaioko alkateak: "Bi herrietako zerbitzuak parekatu behar dira, oletarrak onuradun nagusiak izango direla kontuan hartuta. Ez dugu ulertzen nola Otxandion erabilitako zerbitzu bategatik gain kostu bat duten; orain, Udalak ordainduko du kostu hori". Hitzarmenaren hurrengo urratsa Gorrixen bidea konpontzea izango da, Agirren arabera; udan hasiko dira lanekin: "Limitauan egon arren, bi Udalak gara bide horren erabiltzaile", esan zuen.
Agurtzane Ortiz de Landaluze Oletako kontzejuko lehendakaria ere pozik zegoen akordioarekin: "Oletarrok lan handia egin dugu Otxandion eta ez dugu ulertzen gain kostua ordaintzea. Hitzarmena oso onuragarria da guretzat".