Aratusteak datoz, egun osorako egitarauarekin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko otsailaren 28a

Zapatuan, martxoak 5, ospatuko dira Aratusteak Aramaion. Udalak egun osorako egitaraua prestatu du eta herri bazkaria izango da ekitaldirik potoloena. Txartelak dagoeneko salgai daude herriko tabernetan, 12 eurotan. Bestalde, gaur, otsailak 28, da mozorro lehiaketan izena emateko azken eguna. San Martin eskolako haurrei dagokienez, egubakoitzean, martxoak 4, irtengo dira kalera, 14:30ean. Euririk egiten ez badu, kalejiran irtengo dira plazara. Euria egiten badu, berriz, frontoira irtengo dira.

Bazkalostean, 17:00ak aldera, mozorroak herri osoari erakusteko kalejira egingo dute, herriko trikitilarien laguntzaz. Gero, 18:00etan, mozorro lehiaketa egingo dute 2011ko mozorro onenak zeintzuk izan diren erabakitzeko. Lehiaketaren ostean txokolatada eta haur dantzaldia egongo da eta azkenik, egunarekin amaitzeko, kale animazioa izango da nagusi Tolosako Jainekin txarangaren eskutik.

Mozorro lehiaketa

Aurten ere ez du hutsik egingo Udalak antolatu eta Itur Zuri emakume taldeak eta Alaiak erretiratu elkarteak laguntzen duten mozorro lehiaketak. Gaur, otsailak 28, da izena emateko azken eguna, liburutegian. Sariak honakoak izango dira: gutxienez lau pertsonaz osatutako talde mozorrotu onenak, 14 urtetik behera eta 14 urtetik gorako taldetan ezberdinduta, 90 euro irabaziko ditu. Bigarren saria, berriz, 36 eurokoa izango da. Originaltasunaren saria, banaka zein taldeka, 48 eurokoa izango da lehenarendako eta 30 eurokoa bigarrenarendako. Irabazleak zapatuan jakinaraziko dituzte, 18:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak