Aramaio eta Arrasate arteko bidea egiteko beste baserri bide batzuk egokitu behar izan dituzte eta urte bete pasa kamino horietatik ibili dira harantz eta honantz aramaioarrak eta Aramaiora sartu eta irtena egin behar izan dutenak.
Adif erakundearen ardura
Inguru horretan Abiadura Handiko Trena egiten diharduen Espainiako gobernuaren ardurapeko Adif erakundearena izan da errepidea berritzeko ardura. Errepide berriaren zati bat, errekaren bestaldetik desbideratu dute eta, horretarako, bi zubi berri egin behar izan dituzte.
Lanak espero baino gehiago luzatu dira, besteak beste, aurrekontu arazoengatik eta zubia egiteko hagetako bat apurtu egin zelako Arlanbandik behera zekartenean.
Hil honen hasieran egin zuten azkeneko batzarra Arabako Foru Aldundiko eta Adifeko ordezkariek eta datorren astelehenean, hilaren 28an, irekiko zutela agindu zuten. Halere, irekiera data aurreratzea erabaki dute, Foru Aldundiko teknikoak obrak ikuskatu ostean. Foru Aldunditik bihar arratsaldean irekiko dutela, baina ez dute zehaztu zer ordutan izango den, "arratsaldean barrena" esan dute.
Irekiera datarekin zalantza
Errepidea berritzeko lanak bertatik bertara jarraitzeko aukera izan dugu eta hango langileek zalantzan jarri dute biharko zabalik egongo ote den. Aramaioko alkate Asier Agirrek, bestalde, esan du ez dutela jakinarazpen ofizialik jaso oraindik irekiera dataren inguruan.
Alternatiba moduan erabiltzen diharduten bidean, Zabola inguruan, Luizia gertatu zen atzo eta errailetako bat oztopatuta egon zen. Iluntzerako konpondu zuten arazoa, halere.
Haserrea eta kalte-ordainak
Foru Aldunditik jakinarazi dute jakitun direla aramaioarrei urtebete honetan sorrarazi zaien buruhausteez eta ulertzen dutela haien haserrea.
Bestalde, Aramaioko Udalak, herritarren izenean, eskatu behar dituen kalte-ordainen inguruan, Foru Aldunditik jakinarazi dute, horren berri badutela, baina ulertzen dutela Adif erakundearena dela kalte-ordain horiei erantzuna ematea, obraren ardura ere Adif delako.
Aramaioarrek hainbat protesta ekitaldi egin dituzte euren egoera salatzeko. Izan ere, gurutzebide jasangaitza pairatu dute urtebete pasa honetan.