Ibarratik Azkoagarako bide zaharra zehaztu gura du Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko otsailaren 18a

Udala aspalditik dabil Aramaioko bide zaharrak berreskuratu guran, herriko ondare historikoa mantentzeko asmoz. Bada, Ibarra eta Azkoaga auzoak lotzen zituen bide zaharra, Zalgotik hasi eta Inurri baserrira arte doana, ez da salbuespena izango.

Egun saihesbide ondotik hasten da bidea, eta Udala konturatu zen bidearen nondik norakoak ez daudela behar bezala zehaztuta. Hau da, inon ez da jasotzen bidea hor dagoenik eta ezta non hasi eta non bukatzen den ere. 600 metro inguru ditu bideak, tartean dago Sorrin-zubi deritzon zubia. Bide zahar horrek balio handia duela uste du Udalak. Bestalde, bidea zehaztu barik egoteaz gain, duela gutxi konturatu ziren bidea inguratzen dituen lurrak norenak diren ere ez dela zehazten. 

Baserritarren iritziaren zain
Udalak espediente bat zabaldu du ibilbidea zehazteko eta  astelehenean egindako ezohiko plenoan onartu zen dokumentua, aho batez.
Orain baserritarren iritziaren zain daude, espedientearekin ados dauden edo ez jakiteko. Epe legal bat emango diote baserritarrei euren iritzia emateko eta bestela espedienteak zehaztutako moduan katalogatuko dute Ibarratik Azkoagarako bide zaharra. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak