Aita Gabriel Jauregiko etxeen auzia, soluziobidean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko otsailaren 18a

Aita Gabriel Jauregi kaleko etxebizitzen auzia soluzioaren bidean dago. U-E-4 eta U-E-6 deritzon lursailetan dago arazoa: etxeak egiteko lizentziak 1997ko otsailaren 5ean eman ziren eta egin beharreko tramitazio pauso bat eman ez zelako, legez pribatua dira bi lursailak. Praktikan, baina erabilera publikoa ematen zaie bertako espaloi, lorategi eta gainerako hiri-altzariei.

Legez enpresa eraikitzailea derrigortuta dago erosi duen lursailaren barruan, etxebizitzak inguratzen dituen gunea Udalaren esku uzteko. Baina pauso administratibo hori ez zen eman bere garaian. Elza izan zen enpresa eraikitzailea eta Asier Agirre alkatearen arabera, enpresa horren eta Udalaren arteko hanka sartzeak eragin du arazoa: "Orduko udal gobernuak egindako hanka sartze bat konpondu beharrean ikusi gara. Orain, behintzat, soluzioaren bidean dago arazoa, plenoan onartu genuen-eta erabilera publikoa duen gunea Udalaren esku uztea".

Legealdi amaierarako konpondu
Esandako moduan, auzia soluziobidean dago. Astelehenean egindako ezohiko plenoan lursailak Udalaren esku uzteko dokumentua aho batez onartu zen. Udalak espero du legealdi amaierarako lursailak Udalarena izatea.
Oraindik, baina, bide luzea dago egiteko, Jesus Larrañaga bizilagunaren arabera: "Oraingoz ez da arazo handirik izan Udalarekin. Are gehiago, egungo Udala lan ona ari da egiten eta baikorrak gara konponbide bat emango diotela. Baina orain eskriturak aldatu beharko dira eta horrek gastu bat suposatuko du. Ez dakigu guk ordaindu beharko dugun, eta hor arazoak sor daitezke. Baina hori etorkizuna da eta ez dezagun gertakaririk aurreratu".

"Utzikeria eta inkonpetentzia"
Arazoa sortu duen arrazoien gainean, alkateak uste du hanka sartzea "utzikeria eta inkonpetentziak" eragindakoa izan zela: "Esperientzia faltak eragindako akatsa izan zela uste dugu, inork ez du-eta interesik Aita Gabriel Jauregiko etxeak pribatuak izan daitezen; ez da inor irabazle irteten".
Auziak gastu batzuk suposatu dizkio Udalari, besteak beste, bertako abokatuak "lan asko" egin behar izan duelako.Larrañagak, bestalde, prisek eta presioak eragindako akatsa izan zela suposatzen du: "Etxebizitzak lehenbailehen eraikitzen hasteko presioak irabaziko zion seguruenik tramite guztiak ondo egitearen aukerari". 

27 etxebizitza
Eta gaur egun, zein da egoera? Jesus Larrañagak adierazi duenez, Aita Gabriel Jauregi kaleko farolen kontsumoa, esaterako, bizilagunek ordaindu beharko lukete. Horrez gain, lursail horietan edozein ezbehar egonez gero salaketa etxebizitzen jabeei joango litzakeela ere ez dute ulertzen. Oraingoz, Larrañagak dakiela behintzat, ez da ezer larririk gertatu baina ezer gertatu baino lehen lurren lagapena egin gura dute.
27 etxebizitza daude Aita Gabriel jauregi kaleko E-U-4 blokean. 27 familia, beraz. Gainera, lursail horietan bestelako ondasunak –garajeak, esaterako– dituzten beste herritar batzuk ere badaude.

Jesus larrañaga bizilaguna: "Ez gara mugitu ezbeharren bat gertatu delako, gerta litekeelako baizik"

Nola ohartu zineten zuen etxeekin gertatzen zenaz?
Egoera txarrean zegoen horma bat konpontzeko norena zen jakin gura genuen. Orduan konturatu ginen horma hori bakarrik ez, gainerako guztia ere gurea zela.

Beraz, legez etxebizitzen jabeak zarete arduradun hemen gerta daitekeenaz.
Udaleko abokatuak bere garaian azaldu zidanez, legez kalea argiztatzen duten farolen kontsumoa guk ordaindu behar dugu, adibidez. Horrek ez du zentzurik. Ez gara mugitu ezbeharren bat gertatu delako, gerta litekeelako baizik. Gainera, demagun izotza dela-eta eroriko batengatik salaketa jartzen dutela. Jabeon kontra litzake? Ez du zentzurik. Bestalde, edonork erabil dezakeen espaloian apurketak badaude guk ordaindu behar ditugu? Bada, ez. Lursaila hesi batez inguratuta balego ulertzekoa da, baina ez da hala.Kalea erabat publikoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak