Xabier Igoa aramaioarra bigarren geratu zen lehen kanporaketan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko otsailaren 15a

Otsailaren 12an Laudioko Basalarrina elkartean hasi zen 2011ko Arabako Bertsolari txapelketaren ibilbidea. Lehen kanporaketa jokatu zen bertan. Aiarako Bertso Eskolakoek, bertaratu ziren hirurogei bat lagunei afaria goxoa eman ostean, saioa giro onean hasi zuten. Afalostean ere bertsozale andana hurbildu zen eta azkenean 80 bat pertsonek txaloz bete zuten elkartea. Xabier Igoa aramaioarrak bigarren postuan amaitu zuen kanporaketa, Oihane Perearen atzetik. Beraz, Igoak beste kanporaketetako puntuazioei itxaron beharko die finalerdikoetara sailkatzen den edo ez jakiteko.

Honakoa izan zen Patxi Aizpurua, Mikel Fernandez de Arroiabe eta Hodei Lopez de Arkaute epaileek eman zuten puntuazioa: Oihane Perea (158 puntu), Xabier Igoa (142,5 p.), Rikardo Gonzalez de Durana (139 p.), Alberto Martinez “Betto” (134 p.), Ainhoa Comas (132 p.) eta Bingen Sainz (113,5 p.). Azken bi bertsolariek debuta egin zuten txapelketan eta puntuazio baxuenak izan arren, antolatzaileek jakinarazi dute "ondo" ibili zirela.

Beraz, Pereak lortu du finalerdietarako lehen pasea, eta gainontzekoek beste lau kanporaketetako puntuazioei itxaron beharko diote pasatzen diren edo ez jakiteko, Xabier Igoa aramaioarra dago horien artean. Hurrengo bi kanporaketak datorren asteburuan jokatuko dira, egubakoitzean Oionen eta zapatuan Ilarduian. Oionen Aramaioko ordezkaritza izango dugu beste behin: Andere Arriolabengoa eta Iker Agirrek hartuko dute parte. Zorte on!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak