Asier Agirre: "Argi dagoena da herritarrei galdetzeko aukera izan behar dela"

Ubane Madera 2011ko otsailaren 15a

Animoso dago Asier Agirre Aramaioko alkatea Arabako Auzitegi Probintzialak absolbitu egin duelako Aramaion herri galdeketa egiteagatik. Hala ere, azpimarratu gura izan du bera ez dela sentitzen epaitua, baizik eta Aramaioko herria izan dela epaitua. Era berean, Aramaioko alkateak dio herri galdeketak egin egin behar direla.

Asier Agirre, zela zaude?
Animoso. Azkenean bukatu da beste borroka bat.

Zein balorazio egiten duzu?
Epaiketaren emaitzaren gainean ez dut baloraziorik egiten; izan ere, nire ardura nagusia epaiketa bera burutzea izan da. Ni ez naiz sentitzen epaitua, Aramaioko herria izan da epaitua. Garbi utzi behar dena da herri batek galdeketa egin zuela, herriak galdetu zuela, herriak erantzun zuela eta erantzun bat egon zela: parte hartu zuen %98ak esan zuen Abiadura Handiko Trenik  ez zuela nahi, eta hori da inportantea. Horregatik herriko alkatea izan edo Asier Agirre izan, berez epaitua izatea lotsagarria da demokrazia batean.

Eta orain zer? Auzia bukatu da edo beste errekurtsoren bat egon daiteke?
Sententzia finkoa da. Dioena da defentsak aurkeztutako dokumentazioa aurreko epaileak ez zuela kontuan hartu, lekukoen azalpenak eta gure argudioek garrantzia dutela eta horretxegatik erabaki dute absoluzioa. Ardura batzuk izan ditut eta beste lan batzuk ezin izan ditut bete, bueltaka ibili naizelako: koste pertsonalak eta ekonomikoak izan ditut. Eta herrirako ere izan dira. Aramaioko herria egon da gaizki ikusita herri galdeketa egitearren, baina guztiz kontrakoa da: herritarrak harro daude parte hartu dutelako galdeketan, eta harro daude egin den ibilbidearengatik. Bide batez, eskerrak eman gurako nieke Aramaioko herriari eta inguruan izan dudan jendeari eman didaten laguntzarengatik.

Gainera, herriaren babesa hasiera-hasieratik izan duzu.
Bai. Eta gogora ekarri behar da herria aurretik zegoela batuta gai honekin. Aurreko legealdian  657 sinadurarekin eskatu zioten Udalari galdeketa hori egitea.

Herritarren babesa bakarrik ez, hainbat politikariena ere izan duzu…
Bai, baina gogora ekarri beharra dago Udaleko EAJk eta EAk ez zutela babestu nire aldeko mozioa. Gerora EAk aldatu egin du bere ikuspegia eta babesa eman dit, baina EAJk egitura moduan ez nau babestu. Udaleko zinegotziak pertsona bezala nirekin egon diren arren, EAJk alderdi moduan ez nau babestu.

Aramaioko EAJk Abiadura Handiko Trenaren aldekoa da eta alkatea kargugabetu guran ibili diren arren eta herri guztia inkomunikatuta dagoen arren, Aramaioko EAJ isilik dago.

Edozelan ere, guk galdeketaren emaitzarengatik egin dugu lan. Herriak esan zuen Abiadura handiko Trenik ez zuela nahi, eta Aramaioko Udaletxeak lan egin du tren horren proiektuaren kontra, ahal izan duen moduan, eta denok dakigu zer pairatu behar izan dugun, bereziki, azkeneko urte eta erdian.

Orain esperantza kolorearekin begiratu behar zaio etorkizunari?
Beti begiratu behar dugu pozik. Bide horretatik segitu behar dugu: galdeketak egiten, jendeari iritziak eskatzen, jendeak bere iritzia eman dezan… eta horregatik epaituak izan behar bagara, burua tente eraman dezagun epaitegi guztietara.

Erresoluzio honek bidea errazten du herri galdeketa gehiago egiteko?
Aukera beti dago, egin egin behar dira. Legeak ez badaude, aldatu egin beharko dira, baina argi dagoena da herritarrei galdetzeko aukera izan behar dela, eta politikari guztiak derrigortuta gaudela herriak eskatzen duena egiteko; galdetu behar bada egunero, egunero galdetu beharko da, eta herritarrek eskubidea izan beharko dute erantzuna emateko. Guk herritarrei hitza emango diegu eta gero herritarrek babestu egingo dute edo ez.

Bukatu aurretik berriro ere gurako nuke eskerrak eman inguruan izan dudan jende guztiari eta herritar guztiei, azkenean kausa honetan guztiak izan direlako epaituak. 


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak