Udalak Aramaio eta Arrasate errepidearen mozketak eragindako kalteengatik kalte ordainak eskatuko ditu

Ander Monedero 2011ko otsailaren 7a

Aramaio eta Arrasate lotzen dituen A-2620 errepidearen itxierak kalte ekonomiko eta bestelako handiak ekarri dizkie Aramaioko herritarrei. Hori salatzeko, Aramaioko udalbatzak urtarrilaren 26an egindako osoko bilkuran aho-batez onartu zuen ADIFi, Arabako Foru Aldundiari eta lan hauek egiteko sortutako Aramaio-Arrasate enpresari bidearen mozketak eragindako kalteengatik kalte ordainak eskatzea. Gaur aurkeztu dute eskaria arrazoitzen duen txostena.

Aramaioko Udalak urtarrilaren 26an aho-batez onartu zuen kalte ordainak eskatzea Arabako Foru Aldundiari, ADIFi eta Aramaio-Arrasate aldi baterako enpresa elkarteari Aramaio Arrasaterekin lotzen duen errepidearen mozketak eragindako arazoengatik. Udal ordezkarien esanetan, bi kalte ordain mota daude: alde baterik, errepidearen itxierak Udalari eragindako gastuak eta, bestetik, herritarrei eragindakoak. Azken hauek jasotzeko, aste honetan bulegoa zabalduko du Udalak.

Gaurko prentsaurrekoan Udalean ordezkatuta dauden alderdi guztietako zinegotziak izan dira eta guztiak bat etorri dira Asier Agirre alkateak esandakoarekin. ADIFek, Foru Aldundiak eta UT Aramaio-Arrasate enpresak hilabete baten buruan udalbatzari erantzuten ez badiote, salaketa jarriko dutela adierazi dute.   

Errepidea itxi zutenetik Aldundiak, ADIFek eta Aramaio-Arrasate enpresak izan duten jarrera kritikatu du alkateak. Agirreren esanetan, ADIFek abiadura handiko trenaren obra diseinatu zuenean ez zuen Aramaioko herriari egin ziezaiokeen kaltea kontuan izan.

UT Aramaio-Arrasate enpresaren jarrera ere kritikatu du Aramaioko Udalak. Izan ere, aurreko kasuan bezala, herriarekin ez kontatzea leporatu dio. Enpresa jakinaren gainean omen zegoen lur-jauzia gertatuko zela, baina ez ei zion garrantziarik eman.

Arabako Foru Aldundiaren jarrera ere gogor kritikatu du alkateak. Errepidea itxi baino lehen, auzoetako bidea bide alternatibo izendatu zuen eta berau konpontzeko hitza eman zuen. Agirreren arabera errepidea itxi zenetik urtebete baino gehiago pasa da eta Diputazioak oraindik ez du lanen %30a besterik egin.

Udalak animatu egin ditu herritarrak bizitako egoeragatik jasandako kalteak salatzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak